ESKUZA-LARRAZABAL

“Espero dugu partida polita ateratzea eta, irabazten duenak irabazten duela, pozik ateratzea”

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko mar. 6a, 18:50

Binakako Serie B Txapelketako finalaurrekoetan murgilduta daude ARKAITZ ESKUZA eta IKER LARRAZABAL. Ostiralean elkarren aurka jokatuko dute Zumarragako pilotalekuan.

Binakako Serie B Txapelketako finalaurreko ligaxkan murgilduta zaudete buru-belarri. Orozkon jokatu dituzue azken partidak, eta biak atera zarete garaile. Nolakoak izan ziren Orozkoko norgehiagokak?

Arkaitz Eskuza: Finalaurreko bat izateko alde handiarekin hasi genuen partida. 10-1 irabaziz hasi ginen. Guk egindako akatsengatik, ordea, aldea murriztu zuten nabarmen, eta 18-10 markagailuarekin joan ginen atsedenaldira. Tentsio handiko partida izan zen, hasierako zatia kenduta. Akats gehiegi egin zituzten, eta agian horregatik irabazi genuen.

Iker Larrazabal: Guk desberdin bizi izan genuen. Gu izan ginen pixkat txarto hasi ginenak jokatzen, eurek akats gutxi egin zituzten lehenengo tantoetan. Serio jarri ginen eta tanto nahikotxo egitea lortu nuen. Pozik, irabazi izanagaitik.

Finalerako txartelaren bila zabiltzate. Nola ikusi duzue zuen burua orain arte txapelketan?

A.E.: Hasieran kostata. Nire lehenengo txapelketa da hau profesional mailan. Julen Egigurenek asko lagundu nau txapelketa aurrera ateratzen. Bigarren sailkatu ginen finalaurreko ligaxkara, eta azken jardunaldi hauetan oso gustura ikusten dut nire burua txapelketan.

Zu, Iker, iazko txapeldun izatearen presioarekin zatoz. Baldintzatzen du horrek?

I.L.: Presio pixkat badaukat gainean bai, jendeak uste du aurten ere nik irabazi behar dudala berriro. Aurtengo txapelketan bikoteak desberdinak dira eta zaila da berriro irabaztea. Txapelketa oso luzea da, gorabeheratsu ibili gara; batzuetan ondo eta beste batzuetan txarto. Nire helburua finalaurrekoetara ailegatzea zen eta lortu dugu. Beraz, momentuz ondo.

Ostiralean, Zumarragan, elkarren aurka jokatuko duzue. Nolako neurketa aurreikusten duzue?

A.E.: Partida gogorra izango delakoan nago, erritmo handiarekin. Astean zehar ondo prestatu behar dugu partida. Ahalegindu behar gara aurrean pilota gutxi entregatzen, akats gutxi egiten. Oso garrantzitsua da guretzat partida irabaztea.

I.L.: Guk berdin ikusten dugu. Arkaitzek esan bezala, akats gutxi egitea da gakoa. Espero dugu partida polita ateratzea, eta, irabazten duenak irabazten duela, pozik ateratzea.

Ez da lehenengo aldia elkarren aurka jokatzen duzuena, ezagutzen duzue elkar. Zer nabarmenduko zenukete batak bestearengandik?

I.L.: Defentsan oso ondo dabilen pilotaria da. Abiadura asko ematen dio pilotari ere. Hori nabarmenduko nuke batez ere: akats gutxi egiten dituela eta pilotari ematen dion abiadura.

A.E.: Uste dut gantxoa dela bere indargunea. Pilotak entregatzen badituzu aurrean, Ikerrek gantxoa sartuko du eta ezienzkoa izango da hauek eramatea. Ondo kokatuta egonda ere, arriskutsua da gantxo hori. Errematatzaile oso ona da.

Binakako txapelketan zaudete murgilduta. Jarri zarete etorkizunera begira?

I.L.: Binakakoaren ostean, Buruz Burukoa da hurrengo txapelketa. Oraindik ez dut ezer entrenatu horri begira, baina hor dut burua. Lehenago, ordea, Binakakoan zentratzea dagokigu.

A.E.: Binakakoa ondo amaitzea da nire lehentasuna. Horren ostean udako sasoia prestatzen hasiko naiz, oraindik ez dakit Buruz Burukoan arituko naizen. Nire helburua da ahalik eta partida onenak egitea datozen hilabeteetan.

Zumarragara hurbilduko diren zaletu guztientzako mezurik?

I.L.: Etor daitezela eta disfrutatu dezatela pilotarekin! Frontoia beteta ikustea asko eskertzen da.

A.E.: Lagunak eta senideak partidetara etortzea asko eskertzen da, animoa ematen digute. Espero dut azken unera arte aldamenean egotea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide