ERREPORTAJEA

Urrats berriak zaintza sistemaren aldeko borrokan

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko mar. 7a, 07:00
Milaka pertsona atera ziren kalera 2023ko azaroaren 30ean; Greba Feminista Orokorrarekin bat eginez Aiaraldea.eus

Azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorretik hiru hilabete igaro dira, eta Aiaraldeko Mugimendu Feministak "zaintza sistema publiko komunitarioaren" aldeko borrokan jarraitzen du. Bide horretan tokiko erakundeekin prozesua abiatu du Amurrioko Emakumeon* Sareak.

Egun historikoak bezain garrantzitsuak izan ohi dira horien biharamunak ere, eta azaoaren 30eko Greba Feminista Orokorra ez da salbuespena. Euskal Herriko Mugimendu Feministak eta gehiengo sindikalak deituta milaka eta milaka lagun atera ziren kalera “zaintza sistema publiko eta komunitario” baten beharra erdigunean jartzeko.

Mobilizazio jendetsuak eta irudi gogoangarriak utzi zituen iazko azaroko grebak. Greba eguna ez zen ezerren amaiera izan, zaintzak aitortu eta duintzeko bidean mugarria baizik. Euskal Herriko Mugimendu Feministak denbora luzez landutako prozesuaren mugarria, 2023ko azaroaren 30az geroztik ere aurrera jarraitu duen prozesua. 

Aiaraldean ere

Erantzun zabala jaso zuen Aiaraldean azaroaren 30eko deialdiak. Bego Renteria eta Marisa Aldama eskualdeko zaintza sektoreko langileek “harrotasunez” gogoratzen dute mobilizazio eguna. “Zaintza sistema publiko baten beharra kalera atera genuen lehendabiziko aldiz. Gaia erdigunean jarri zenetik egoera asko azaleratu dira. Kontuan hartu behar dugu zaintza sektorean lan egiten duten askok erabateko esklabotza egoeran daudela, eta hori ikustaraztea ezinbestekoa da”, azaldu diote Aiaraldea Komunikabideari.

Greba igarota ere zaintzak duintzeko borrokan tematuta jarraitzen dute Renteriak eta Aldamak; Amurrioko Emakumeon* Sareko kideak dira biak, eta grebako aldarrikapenak herrian lurreratzeko lanetan dabiltza bertan: “Bide horretatik jarraitu behar dugu. Greba hasiera baino ez zela aldarrikatu genuen, lanean jarraitu behar dugu”.

“Ohartzen ari gara politikariak zaintzari garrantzia emateko diskurtsoaz jabetu direla; baina, gure ustez, aurpegi garbiketa hutsa da, eta zaintzak erdigunean jartzeko guk eginiko aldarrikapenari kontraerasoa”

Zaintzen krisia agendara

Iragan otsailaren 20an, Denon Bizitzak Erdigunera plataformaren baitan antolaturik, agerraldia egin zuten Euskal Herriko eragile feministek Bilbon. Greba feminista orokorraren ostean erakundeen partetik “neurriko erantzunik” jaso ez dutela salatu zuen mugimendu feministak, eta “zaintzen krisia agenda politiko eta sozialean mantentzea” exijitu zuten.

Amurrioko tokikotasunetik ere sentsazio berdina daukate Bego Renteriak eta Marisa Aldamak:  “Ohartzen ari gara politikariak zaintzari garrantzia emateko diskurtsoaz jabetu direla; baina, gure ustez, aurpegi garbiketa hutsa da, eta zaintzak erdigunean jartzeko guk eginiko aldarrikapenari kontraerasoa”. Salatu dute erakundeetatik iragarki asko egiten direla, baina promesak ez direla inoiz materializatzen.

Euskal Herriko Mugimendu Feministak egin bezala, Amurriotik ere abiatu dute erakundeekin prozesua, “zaintza sistema publiko eta komunitarioa erdiesteko bidean”.

Amurrioko esperientzia

Nolabaiteko oinarri sendo batetik abiatu dute Amurrion erakundeekin —Udal Gobernuarekin— prozesua. Amurrioko Emakumeon* Sarea hilabetero elkartzen da Udal ordezkariekin. “Greba Feminista Orokorraren aurretik ere hilabeteko maiztasunarekin elkartzen ginen Udalarekin. Ohikoan parte-hartze teknikaria eta berdintasun zinegotzi eta teknikariak etortzen dira bileretara. Guk zerbitzu-sozialen sailetik teknikariren bat hurbiltzea eskatu dugu ere, baina oso lanpetuta daudenez ez dute koordinazio bileretara etortzeko astirik”, azaldu diote bertako kideek Aiaraldea Komunikabideari.

Zaintzarako Amurrion dauden baliabideak publifikatzea eta bertako langileen egoera duintzea dute lan lerro nagusia Amurrioko Emakumeon* Sareak:“Gure ustez, erabat feminizatua den sektorea duintzeko, bertako lan-baldintzak hobetzeko eta erabiltzaileek jasotzen duten arretaren kalitatea bermatzeko publifikazioa da estrategia eraginkor bakarra”.

Hain zuzen ere etxebizitza-komunitario bat eta Eguneko Arretarako Landa Zentroa dira baliabide horiek. Azpiegiturak Udalarenak dira, baina horien kudeaketa pribatua da. “Eskatzen dugun lehenengo gauza zera da: baliabide horien kudeaketarako lizitazioa sortzen dutenean, lan-baldintzen gainean fokua jartzea eta baldintza onak exijitzea”, nabarmendu dute Renteriak eta Aldamak. “Alkateak aitzakiak jarri dizkigu soilik: publifikatzea oso zaila dela, dirurik ez dagoela… Esan ziguten etxebizitza-komunitarioko edota Eguneko Arretarako Landa Zentroko emakumeak publifikatzeko herriko beste eragileei kendu beharko litzaiekeela dirua. Uste dut ez gaudela A ala B egoera horretan inondik inora. Badaude bideak baina ez dago inolako borondaterik”.

Edonola ere, Amurrioko sareak gertutik jarraitzen ditu Udaletik ematen diren urratsak eta abiatzen diren egitasmoak: “Greba Feminista Orokorraren testuinguruan ,mozio bat aurkeztu genuen Udalbatzan eta honek onartu egin zuen. Grebako aldarrikapenak batu genituen mozio horretan. Udalak testua onartuta, bertan ezarritako neurrien aplikazioaren gaineko jarraipena egiten ari gara. Proposamena aurkeztu behar dute, eta guk emango diogu adostasuna Udalaren planteamenduari, ikuspuntu feminista txertatuz”.

Sarea hedatuz

Amurrioko Emakumeon* Sarea hedatzea ere dute helburu Renteriak eta Aldamak. Zaintza sektoreko langile gehiagorengana iritsi nahi dute, eta hauek aktibatu. Bereziki etxez etxeko langileengan jarri nahi dute arreta, “horiek baitira egoera prekarioenean daudenak”. Bide horretan, eta azken urteko dinamikari jarraituz, Zaintzen III. Foroa antolatuko dute apirilean. Foroaren aurreko edizioetan testigantzei eman diete garrantzia, eta honako honetan zaintzarako baliabideetan jarri nahi dute arreta. “Zabalenetik zehatzenera goaz. Lehenengo foroan testigantza desberdinak bildu genituen, sentsibilizazioa ardatz. Baliabideen inguruan hausnartu nahi dugu, zer falta den eta zer behar den”, azpimarratu du Renteriak.

Martxoaren 8ko biharamunean, martxoaren 9an, jarri du Aiaraldeko Mugimendu Feministak begirada; Faktorian egingo duten eskualdeko asanbladan

Martxoak 8

Ate joka dagoen Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna ere baliatuko dute “zaintzen negozioa” salatzeko. Euskal Herriko Mugimendu Feministak mobilizazioak deitu ditu hiriburetan, eta Aiaraldean ere oihartzuna izango dute aldarrikapenek. Halaber, martxoaren 8ko biharamunean, martxoaren 9an, jarri du Aiaraldeko Mugimendu Feministak begirada. Egun horretan eskualdeko asanblada deitu dute Aiaraldea Ekintzen Faktorian, 10:30ean. Bertan “zaintza sistemaren aldeko borrokari” segida emango diote, mugarriak bezainbeste, prozesuak ere berebiziko garrantzia duelako.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide