Ehunka lagun atera ditu berriro ere kalera Emakume Langilearen Nazioarteko Egunak. Gaurko mobilizazioek azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorraren lekukoa hartu dute, eta zaintza sistema publiko komunitarioaren aldeko borrokan berretsi da eskualdeko mugimendu feminista.
Laudion, Aiaran, Okondon, Orozkon, Artziniegan, Urduñan eta Amurrion egin dituzte elkarretaratze eta mobilizazioak arratsaldean. Indarkeria matxistarik gabeko bizitzen aldeko aldarriak ere ez dira falta izan, pankarta eta zapi moreekin batera.
Aurtengo protestetan Palestinako emakumeak izan dituzte presente. "Emakumeon gorputzak dira konkistarako lehenengo lurraldeak, Euskal Herritik elkartasunik beroena Palestinako emakumeentzat", aldarrikatu dute, adibidez, Amurrioko mobilizazioaren osteko hitzartzean.
Argazkiak: Naia Vallejo Torres, Aimar Gutierrez Bidarte, Aitor Aspuru Saez, Txabi Alvarado Bañares, Iosu Zaldibar