Italiako, Aiaraldeko zein Bruselako gazteak elkarlanean jarriko ditu Faktoriak, Erasmus+ programaren bidez

Txabi Alvarado Bañares 2024ko mar. 15a, 13:37

Iaz eskualdeko hiru kide egon ziren Alpeetan proiektua garatzen. / Aiaraldea Ekintzen Faktoria

Egonaldiak egingo dituzte Bruselan zein Aiaraldean, landa eremuaren biziberritzeaz zein nerabe eta gazteen ahalduntzeaz hausnartzeko eta horri lotutako proiektuak garatzeko. Martxoaren 22ra arte dago ekimenean izena emateko epea, hemen.

Italiako, Aiaraldeko zein Bruselako gazteak elkarlanean jarriko ditu Aiaraldea Ekintzen Faktoriak, Erasmus+ programaren bidez. Landa eremuaren biziberritzeaz zein nerabe eta gazteen ahalduntzeaz "hausnartzeko, amesteko eta proiektuak sortzeko" egitasmoa izango da, eta Aiaraldea eta Brusela artean garatuko da apiriletik uztailera bitartean.

"Esperientzia honetan, Italiako, Aiaraldeko zein Bruselako gazteak elkartuko dira; modu horretan, ezagutzak partekatuz eta kultur-trukearekin aberastuz", azaldu dute ekimenaren antolatzaileek. 

Bi egonaldi egingo dituzte horretarako. Apirilaren 8tik 11ra izango da lehena, Faktorian. Bigarrena, aldiz, Bruselan egingo dute, uztailaren 15etik 20ra bitartean. Lan-saioak, solasaldiak, bisita gidatuak eta aisialdi ekintzak uztartuko dituzte bidaietan.

Izen ematea zabalik

Ekimenean parte hartzeko, profil zehatzeko aiaraldearren bila ari dira antolatzaileak: "norbanakoak, nerabeekin edota gazteekin lan egiten duten pertsonak edota horretan interesa dutenak, zein landuko diren zeharlerroetan interesa dutenak". 

Martxoaren 22ra arte dago izena emateko aukera, formulario honen bidez. "Esperientzian parte-hartzeko, partaideek Erasmus+ programan lantzeko erronka bat proposatu beharko dute aldez aurretik, eta hori landuko dute esperientzian zehar", zehaztu dute antolatzaileek.

Izena ematen duten pertsona guztien artean lau hautatuko dituzte proiektuan parte hartzeko.

Honako hau ez da Aiaraldea Ekintzen Faktorian Europako beste herrialde batzuekin lankidetzan egiten duen lehen egitasmoa. Iaz eskualdeko hiru kide egon ziren Alpeetan proiektua garatzen, eta horri jarraipena emango zaio aurtengo ekimenaren bidez.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide