Amurrioko Udalean eta Urduñako Udalean mozio bana aurkeztu du EH Bilduk, Amurrion erroldatuta dauden pertsonek ere Urduñako erresidentziako plaza publikoak erabiltzeko aukera izan dezaten. Zehazki, Arrastariako herrietan —Delika, Tertanga, Aloria, Artomaña eta Lekamaña— bizi diren adinekoen egoerak sortu du koalizio abertzalearen kezka.
Urduñako hirugarren adinekoen azpiegitura publikoa erabiltzeko Bizkaian erroldatuta egotea ezinbestekoa da. Hiri bizkaitarraren kokapen geografikoa dela eta, Arabako herriz inguratuta dago, eta hain zuzen ere herri horietako pertsona askok eta askok Urduñan sustraitua dute bizitza soziala.
Urduñako hirugarren adinekoen egoitzak 55 plaza ditu, 45 publiko eta 10 pribatu. Arestian aipatutako Urduñaren kokapena eta tamaina kontuan hartuta, egoitzak dituen plaza publiko guztiak ezin dira Bizkaian erroldatutako pertsonekin bete soilik, EH Bilduk azaldu duenaren arabera: "Arrastariako adinekoek, Urduñatik oso gertu bizi arren, ezin dute plaza bat lortu eta haien etxeetatik oso urrun dauden Amurrio, Laudio edo Gasteizko egoitzetara joan behar dira".
Eguneko zentroko zerbitzuarekin arazoa areagotzen dela azaldu du koalizio abertzaleak. "Arrastarian bizi izan diren pertsonak Urduñako herrian daukate haien oinarri soziala, beraz eguneko zentro batera joan behar badute, Amurriokora bideratuko dituzte, udalerri honetan erroldatuta daudelako, eta horrela haien bizitzatik aldenduko dira —azaldu du EH Bilduk zabaldutako oharrean— Urduñako eguneko zentrora joanez gero haien bizitza ez da aldatuko, haien lagunekin egongo dira eta, adibidez, kafea betiko tabernan hartu ahalko dute".
Gauzak horrela, bi Udalen eta egoitza publikoen gaineko eskumena duten Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundien arteko elkarlana eskatu ditu EH Bilduk: “Dakigunez, Amurrio edo Urduña ez dira egoera honetan dauden udalerri bakarrak, eta beste batzuetan aldundien arteko hitzarmenak adostu dira, herri horietako erabiltzaileen bizitza hobetuz”.