Artziniegan eta Amurrion ebatziko da XXXIV. Aiarako Bira

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko mar. 21a, 10:47

Menagarain izan zuten helmuga igandean kadete kategoriako txirrindulariek. / Aiarako Bira

Aiarako Birako azken bi etapak jokatuko dituzte asteburu honetan; Artziniegan eta Amurrion. Hugo Muñozek eusten dio lidergotzari, baina lehia estua izango da datozen lasterketetan.

XXXIV. Aiarako Bira azken txanpan murgiltzear da. Asteburu honetan jokatuko dira txirrindularitza lasterketako azken bi jardunaldiak, Artziniegan eta Amurrion.

Iragan asteburuko etapek lehia bizia utzi dute sailkapen orokorrean, eta podiuma ebazteke dago oraindik.

Aitor Martinezen asteburua

Martxoaren 16an erlojupekoa jokatu zuten kadete kategoriako txirrindulariek Arespalditzan. Proba exijentea izan zen Aiarakoa, %18ko malda zuten aldapekin.

Aitor Martinez katalandarra gailendu zen erlojupekoan. Martinez Arabako Itzuliko irabazlea izan zen iaz eta aurtengo Aiarako Bira irabazteko faboritoa zen. Laudion izandako erorketak, ordea, asko urrundu du sailkapen orokorreko lehen postuetatik. Hasierako aurreikuspenei hutsik egin gabe, martxoaren 17ko lasterketan ere Martinez izan zen podiumeko lehen postura igo zen txirrindularia.

Aiara Birako etapa nagusia izan zen igandekoa; eta, kirol probaren historian aurrenekoz, udalerri bizkaitar bat izan zuen abiapuntu: Orozko. Aitor Iza alkateak moztu zuen lasterketa hasierako zinta, eta Zubiaur Plazatik abiatu ziren ia 200 txirrindulariek hainbat buelta eman zituzten herrian barrena.

Aitor Martinezek erritmo bizia jarri zion lasterketari eta ihesaldiari ekin zion Mendietako gaina igaro bezain pronto. Sailkapeneko liderra den Hugo Muñozek gidatutako taldetxo batek estu jarraitu zuen Martinezen ihesaldia, baina ez zuten katalandarra harrapatzea lortu.

Lehia bizia

Artziniega eta Amurrioko lasterketetan ebatziko da, beraz, XXXIV. Aiarako Birako txapeldunaren izena. Lehenengo asteburuan lidergotza lortu zuen Hugo Muñozek eusten dio oraindik ere sailkapen orokorreko lehenengo postuari, baina lehia estua izango da datozen bi jardunaldietan.

Tokiko txirrindularien artean Luyando Ganzedoko Ion Eguia da sailkapen orokorrean hobekien kokatuta dagoen kirolaria. Zazpigarren postuan dago, liderrarengandik 38 segundotara.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide