ADR Zabaia landa eremua sustatzeko elkarteak bilera egin zuen atzo eta batzarrean bertan Jon Escuza Okondoko alkateak presidentearen dimisioa eskatu zuen, gero ohar bidez zabaldu duenez.
"Segurtasun juridikoagatik eta elkartearen funtzionamendu egokirako ezinbestekoa da Zuzendaritza Batzordeak aldez aurretik kanpoko erakundeen aurrean edozein ordezkaritza ezagutzea eta baimentzea", argudiatu du Escuzak, elkartearen estatutuak aipatuta.
Gauzak horrela, Okondoko alkateak argudiatu du Karmele Poblacionek (elkartearen presidentea eta EH Bilduko Aiarako zinegotzia) ez ziola jakinarazi Zuzendaritza Batzordeari bere parte hartzea eta "larritzat" jo du gertatutakoa, hitzartzea ez baitzen adostu guztien artean: "Noiz eta nork jaso zuen ADRko presidentearen eta Aiarako Udaleko EH Bilduko zinegotziaren agerraldi eskaera, Arabako Batzar Nagusietako Mugikortasun Iraunkorraren eta Bide Azpiegituren Batzordean EH Bildu batzarkide taldearen aldetik? Zergatik ez zuen lehendakariak Zuzendaritza Batzorde bat deitu eskaeraren berri emateko eta berariazko eskuordetzea eta Arabako Batzar Nagusien aurrean ADRren jarrera eskatzeko? Lehendakariak Aiarako Udalaren izenean jardun zuen EH Bilduko edo ADRko zinegotzi gisa?".
Hori dela eta, alkateak dimisioa eskatu dio ADRko presidenteari, bere jarduerak elkartearen estatutuak betetzen ez dituela eta elkarteko bazkideen eskubideak urratzen dituela argudiatuz.
Karmele Poblacionen erantzuna
ADR Zabaia elkarteko presidenteak azaldu du Batzar Nagusiak deitutako agerraldira joan zela eta, agian, egokiagoa zela zinegotzi moduan joan izana.
Polemikaren harira, Poblacionen iritzia da arazoa ez dela prozedura izan: "Ez dut uste Aiarako Kuadrillako presidenteari eskatzen diotenik bere hitzartzeak adostea aurretik. Hemen gatazka izan da Arabako Batzar Nagusietako Mugikortasun Jasangarriko eta Azpiegituretako Batzordean landu zen gai horretan Elkarrekin Podemosek, PPk, eta EH Bilduk eskerrak eman zizkigutela gure azalpenengatik eta PSE-EEk galdetu zigula ea datu zehatzagoak bildu ahal genituen. Badakit hauteskunde kanpainan gaudela, baina EAJri eskatuko nioke Madrilen ikasitako giro politiko pozoindua gurera ez ekartzea".
Berez, EH Bilduko taldearen bitartez deitu zituzten Arabako Batzar Nagusiek Aiarako alkatea eta ADRko presidentea gaiaz hitz egiteko, eta hor azaldu zituen Poblacionek errepideen ondoan dauden baserrien arazoak. Baserri horiek bidetik 0 eta 8 metro arteko distantzian daudenean, mantentze- eta kontserbazio-lanak bakarrik onartzen ditu Aldundiak, teilak aldatzea kasu. Esaterako, ezin dituzte egituran finkatze-lanik egin. Ondorioz, Karmele Poblacionek aipatu zuen duela 40 urte ez dutela baserriek birmoldaketarik egin eta beharrezkoak direla. Horrela, adierazi zuen 180 etxebizitza daudela egoera horretan Aiaran.