Hugo Muñozek lidergoari eutsi eta XXXIV. Aiarako Birako txapela janztea lortu du

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko mar. 26a, 11:33

Aiarako Birako liderrak Amurrioko podiumean igandean. / Aiarako Bira

Hugo Muñozek lehenengo asteburuan lortutako lidergoari eutsi, eta lehiaz beteriko azken jardunaldiaren ostean Aiarako Birako txapela jantzi du. Benjamin Noval asturiarra izan da azken asteburuko txirrindularirik onena.

Azken bi jardunaldiekin amaierara iritsi da XXXIV. Aiarako Bira. Artziniegan eta Amurrion izan dira kadete mailako ia berrehun txirrindulari sailkapen orokorra iraultzeko ahaleginetan.

NorInver-Impalag taldeko Hugo Muñozek, ordea, indartsu eutsi dio birako lehenengo asteburuan lortutako lidergotzari, eta, azkenean, berak jantzi du txapela.

Lehia bizia izan da azken bi etapetan, eta Muñoz liderra aurreratzeko saiakerak ugariak izan dira. Artziniegako lasterketan Samuel Sanchez-MMR Arcade taldeko txirrindulariek ahalegin handia egin zuten haien talde-burua, Martin Fernandez, sailkapen orokorreko lehenengo postuan jartzeko.

Azkenean, tropelak sprintean gurutzatu zuen helmuga lerroa eta Hugo Muñozek lehen postua mantentzea lortu zuen. Etapa, garaipena, aldiz, Samuel Sanchez-MMR Arcade taldeko Benjamin Noval asturiarrarentzat izan zen.

Amurrioko etapa 13 segundoko aldearekin abiatu zuen Hugo Muñoz liderrak. Tarte estu hori defendatzea zen liderraren eginkizun nagusia, eta aurreikusi bezala lehia bizia izan zen.

Abiadura handiko lasterketan ihesaldirako saiakera ugari egon ziren. Azkenengo itzulian Benjamin Novalek bakarrik hartu zuen helmugarako bidea. Novalen atzetik, minutu eta erdiko aldearekin, liderren tropelak esprintean ebatzi zituen sailkapen orokorreko postuak, baina helmugarako 400 metro falta zirela, erorketa gertatu zen.

Epaileek denbora berarekin sailkatu zituzten bertan inplikatutako guztiak, eta horri esker Muñozek lidergoa mantendu eta txapela janztea lortu zuen.

Sailkapen orokorrean Ion Egia Barañano izan da tokiko txirrindularirik onena. Luyando Ganzedo taldeko kirolaria zortzigarren postuan sailkatu da, liderrarengandik 56 segundotara. Hemen ikus daitekezke sailkapen guztiak.

Balorazio positiboa

Aiara Birako antolakuntzak kirol probaren oso balorazio positiboa egin dute: "Lasterketak izugarrizko arrakasta izan du. Ibilbideengatik, garapenagatik eta korrikalariek erakutsi duten lehiagatik. Lasterketaren mailaren erakusgarri ona da, ibilbideen gogortasun guztiarekin, Bira osoaren batez besteko abiadura 40 kilometro ordura hurbildu dela".

Antolatzaileek sei jardunaldiak aurrera ateratzeko lan egin duten boluntario guztien ekarpena ere eskertu dute: "Nabarmentzekoa da, halaber, 100 boluntario baino gehiagoko giza talde batek eskuzabaltasunez egiten duen lan bikaina. Talde horren eginkizun bakarra izan da ahalik eta lasterketarik onena antolatzea, baliabide oso mugatuekin, txirrindulari guztiek goza dezaten, horiek baitira garrantzitsuenak".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide