Iaz sortu zuen Aiaraldea Ekintzen Faktoriak eskualdeko Kultur Sortzaileen plaza. 350 fitxa interaktibo baino gehiago sortu zituzten Kulturfaktoria.eus atarian, Aiaraldeko artista eta sortzaileen erreferentzia eta lanekin.
Aurten proiektua garatzen jarraitu dute, eta atal eta funtzionalitate berriak txertatu dituzte atarian.
Alde batetik, albisteen atala egokitu dute. Aiaraldea Komunikabidearekin elkarlanean, tokiko kultur sortzaileei buruzko eduki guztiak (albiste, kronikak, podcastak, bideo kronikak...) jarri dituzte ikusgai webgunean. Horrez gain, atal berezituak atondu dituzte Arte Hartze Mediazio Zikloaren zein YouYou-Irrintzi egitasmoen berri emateko.
Eskualdeko sortzaileen fitxa interaktiboak ere berrezaugarritu dira, autore horien bestelako espazio digitalen erreferentziak txertatuta.
Horrez gain, beste atal bat egokitu dute Aiaraldeko sortzaileentzako baliabideekin. Bekei, lankidetzei, tailerrei, bitartekaritzei edota egonaldiei buruzko informazio eguneratua txertatu dute bertan; eta baita BDCC erakundeak, Etxepare Institutuak eta Kultur Araba Bulegoak eskaintzen dituzten zerbitzuei buruzkoa ere.
Horrez gain, txoko bat eskaini diete eskualdean dauden kultura espazioei, gune bakoitzaren azalpenak eta agenda txertatuaz.
Datozen hilabeteetan ekingo dio Aiaraldea Ekintzen Faktoriak atari berregituratua jendarteratzeari, elkarte zein norbanakoekin zuzeneko harremanak garatuaz. Izan ere, proiektuaren helburu nagusia da webgunea eskualdeko sortzaileentzako tresna eta erreferentziazko gunea izatea.