Euskararen Semaforoarekin bat egin du Aiaraldea Ekintzen Faktoriak. Otsailean aurkeztu zuen tresna hori Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak, eta hura erabiltzeko gonbita luzatu zien eskualdeko zein eskualdetik kanpoko elkarte, erakunde zein norbanako guztiei. Antolatzen diren ekintzetan euskarak izango duen presentzia publikoki adieraztea da ekimenaren xedea, jarduerak semaforo baten koloreen arabera sailkatuz, nutriscore formatuko diseinu bat baliatuta.
Gauzak hala, Aiaraldea Ekintzen Faktoriak antolatzen dituen ekintza guztien kartel eta bestelako iragarkietan egongo da txertatuta bereizgarri hori aurrerantzean. Dena den, kolore berdea izango da nagusi neurgailuetan, euskara hutsez funtzionatzen duen eragilea baita.
Edozein taldek eta erakundek egin dezake bat ekimenarekin. Horretarako, baliabide kutxa osatu du Euskalgintza Kontseiluak, beharrezko argibide eta diseinu euskarri guztiekin.