Opor txiki batzuen ostean, kalean dago Aiaraldea Hemen hamabostekariaren 197. zenbakia. Gai ugari jorratzen ditu agerkariak bere 32 orrietan. Angel Salas Larrañaga militar faxistaren bizitzari buruzko erreportajea ekarri dugu azalera. Izan ere, Espainiar Gobernuak Salasi 1991n jarritako kondekorazioa kentzea onartu du, EH Bilduk Madrilgo Senatuan egindako eskaerari erantzunez. Ibilbide odoltsua du Salasek bizkarrean: Otxandiko bonbardaketako erantzulea izan zen, eta naziekin batera aritu zen borrokan II. Mundu Gerran.
Horrez gain, sakonean aztertu ditugu baita ere Laguntza Elkarteak Amurrioko Udalarekin izandako tira bira edota Ezker Abertzaleko familia bat bizi zen etxebizitza bati tiro egin zion polizia nazional ohiaren kasua ere.
Frailebururen igoerak 100 urte
Gai atseginagoei ere eskaini diegu arreta; Fraileburu mendira egindako lehenengo igoerari, adibidez. Duela ehun urte Angel Sopeñak Gorobeleko haitz ezaguna eskalatu zuen, mugarria jarriz euskal mendizaletasunean, eta Euskal Herrian dokumentatutako lehenengo eskalada sinatuz. Guk Sopeñaren urratsak jarraitu ditugu tontorreraino.
Hezkuntza gehigarria
Aiaraldea Hemen hamabostekariak 8 orriko gehigarri berezia dakar oraingoan. Ikastetxeak Haur Hezkuntzako eta Batxilergoko aurrematrikulazioan daude murgilduta. Gauzak hala, eskualdeko hezkuntza eskaintza jaso du Aiaraldea Komunikabideak gehigarrian, baita hezkuntza komunitatearekin lotutako zenbait eduki interesgarri ere.
Hauek eta beste hainbeste gai aurkituko ditu irakurleak Aiaraldea Hemen hamabostekariko orrietan. Datozen egunetan banatuko da hamabostekaria eskualdeko saltoki, taberna, ikastetxe, kulturgune, liburutegi eta kaleetan, doan.