Ramadanaren bukaera jaia ospatu du gaur goizean Aiaraldeko komunitate musulmanak, eta dozenaka lagun elkartu dira Amurrioko Bañueta kiroldegian otoitz egin eta janaria elkarbanatzeko. "Aïd el-fitr deitzen da gaurko ospakizuna; Ramadanaren osteko jaia", azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari Farida Semranik, komunitate musulmaneko kideak.
Islamdar egutegiko bederatzigarren hilabetea da Ramadana, hilabete sakratua da fededunentzat eta baraualdia egiten dute eguzkia ateratzen denetik sartzen den arte. "Aurten martxoaren 10ean hasi dugu baraualdia. Urtero aldatu egiten da, ilargi hilabeteen araberakoa delako", azaldu du Semranik. Aurten, esaterako, goizeko seietatik gaueko zortzietara egin dute baraualdia, baina urteko sasoiaren arabera aldatuz doa ordutegi hori ere.
"Pertsona gaixo edo txiro baten azalean jartzen gaituen baraualdia da. Aurten oso presente izan ditugu Gazako biztanleak, haiek ere urik eta jatekorik gabe daudelako"
Ramadaneko baraualdia
Ramadaneko barauladia sakrifizioa da musulmanentzat. "Pertsona gaixo edo txiro baten azalean jartzen gaituen ariketa da", adierazi du Semranik, "aurten oso presente izan ditugu Gazako biztanleak, haiek ere urik eta jatekorik gabe daudelako".
Baraualdiak dakarren "sakrifizio fisikoaz" gain, maila espiritualean ere egiten dute ariketa, Semranik adierazi duenaren arabera: "Ilargi hilabete honetan ez dugu gauza txarrik begiratzen, ezta pentsatzen ere. Bada modua ikusteko gure buruengan ez duela gorputzak agintzen, arimak baizik".
Aïd el-fitr jaia
Ramadana behin bukatuta, hurrengo ilargi hilabeteko (Shawwāl) lehenego egunean ospatzen duten jaia da Aïd el-fitr. Egun horretan otoitz egiteko elkartzen dira goizean eta, horren ostean, gosaria elkarbanatzen du komunitate musulman guztiak.
"Herrialde musulmanetan jai eguna izaten dira gaurko eguna eta hurrengoa. Egun horietan ohitura da etxez etxe joatea, janaria elkarbanatzeko eta komunitatea elkartzeko. Hemen jai egunik ez dagoenez, Bañueta kiroldegian ospatutako hitzordua baliatzen dugu horretarako, beste batzuen artean", azpimarratu du Semranik.
"Bereziki da garrantzitsua ospakizun hau gure familiengandik hain urrun bizi garenontzat"
Gauzak horrela, Aiaraldeko komunitate musulmanak ez dio hutsik egin egutegiko hitzordu garrantzitsuari. Inguruko herrietako dozenaka familiek egin dute bat Amurrioko kiroldegian. Udalerri horretan bakarrik 80 familia musulman daudela kalkulatu du Semranik.
"Bereziki da garrantzitsua ospakizun hau gure familiengandik hain urrun bizi garenontzat", adierazi du herritarrak, "ni Argeliakoa naiz, eta bertan aiton-amonen etxean elkartzen gara. Hunkigarria da hemen ere norekin elkarbanatu izatea, guretzat oso esanguratsua da egun hau".
Behin jai-eguna bukatuta, musulmanen egutegiko hurrengo ospakizun handiaren esperoan geratuko da Aiaraldeko komunitatea: Eid al-Adha edo arkumearen jaia. Ilargi egutegiaren arabera, aurten ekaina erdialdean ospatuko dute eta, gaurkoan bezala, hitzordu publiko eta handi batean elkartuko dira berriro.