Renfek Ollargan dituen tailerretako langileek greba egingo dute apirilaren 15, 16, 17, 18, 19, 22, 23, 24, 25 eta 26an. C-1, C-2 eta C-3 lineei (hau da, Aiaraldeari ere) zerbitzua ematen dieten beharginek salatu dute Renferen kudeaketa oso txarra izaten ari dela eta horrek eragina duela esparru anitzetan.
Izan ere, mantenua euren gain hartzen duen kolektiboak gogoratu du 446 serieko trenek (Aldirikoetan erabiltzen direnak, alegia) 33 urte dituztela jadanik, eta materialak ez direla fidagarriak.
Horrek esan nahi du matxurak biderkatzen direla eta, gainera, Renfek ez du neurririk hartu hori bideratzeko, UGT, CCOO eta CGT sindikatuen aburuz. Hasteko, beharginek kritikatu dute azpiegiturak ez direla egokiak: "Lan elektrikoak mugatzen dituzten itoginak daude, lapurretak maiz gertatzen dira eta graffiteoa ere arrunta da segurtasun faltagatik".
Halaber, piezen eta elementuen gabezia ere aipatu dute. "Motor elektriko batek astebete behar du heltzeko eta tarte horretan trenak indar erdiarekin bidaiatzen du, atzerapenak eraginda", adierazi dute sindikatuek.
Azkenik, azpimarratu dute langile kopurua ez dela nahikoa. Trenek 33 urte dituzte eta matxurak gero eta ohikoagoak direnez, behargin askoz gehiago behar dira. Horren adibidea da, euren ustez, aire egokituarena. Azpikontrata bat dago horretarako. Baina, sindikatuek azaldu dutenez, "trenetan egun eguzkitsu batean bidaiatzea nahikoa da ikusteko ze bero pairatzen den".
Horrek guztiak, gainera, langileen soldatetan dauka eragina, "bete ezin diren helburuak" jartzen direlako, euren hitzetan.