Landa eremuko biziberritzeak Europako txoko desberdinetako gazteak batu ditu azken astean Faktorian. Iaz Italian abiatutako egitasmoari segida eman diote, landa eremuko despopulazioari aurre egiteko eta gazteen ahalduntzea sustatzeko proiektuak garatzeko xedearekin.
2022an bisita profesional bat egin zuen Aiaraldea Ekintzen Faktoriak Flandriara, bertako erralitate sozial eta kulturala ezagutzeko asmoz. Bertan garatutako lankidetza harreman batetik sortu da Erasmus+ programa hau: “Bereziki Italiako Alpeetan gertatzen ari zen populazio galera izugarriari irtenbide berritzaileak bilatzeko asmoarekin”.
Bide horretan, eskualdeko ordezkaritza batek bidaia egin zuen Italiako Aosta bailara aldera, bertako esperientziak gertutik ezagutzera. “Hogei pertsona elkartu ginen bertan, Belgikatik, Italiatik eta Aiaraldeatik etorriak”, azaldu dio komunikabideari egitasmoaren sustatzaileetako bat den Nerea Igelsiasek.
Bigarren fasea Aiaraldean
Italiar Alpeetako lehenengo esperientzia horren bigarren fasea gauzatu dute azken astean Aiaraldean. Guztira Belgika, Italia eta eskualdeko bederatzi lagun elkartu dira Faktorian garatu duten esperientzian.
“Bakoitzak landa-eremuko biziberritzean eragiteko haien eremuan garatzen ari diren proiektu bana ekarri du —adierazi du Nerea Iglesiasek— Ertz ugari ditu proiektuak; izan ere, landa-eremuaren biziberritzeaz hausnartzeaz gain, jarrera sortzailea eta artearekiko atxikimendua ere landuko ditugu egun hauetan”.
Gazteen ahalduntzea, eta tokian-toki errealitatea eraldatzeko tresnak eskaintzea ere bada Erasmus+ programaren helburua. “Orotariko proiektuak bildu ditugu. Italiar gazte batek, adibidez erreferentziazko musika jaialdi bat sortu nahi du, 200 biztanleko bere herrian. Belgikar gazte batek, aldiz, eraikin abandonatu bat birgaitu eta biziberritu nahi dut. Badago mendi-gidaria den beste kide bat, mendi-irteera irisgarriak egiteko ametsarekin”, aipatu du Igelsiasek.
Horretarako Faktorian egin dituzten lantegi desberdinez gain, eskualdeko errealitate desberdinak ezagutzeko parada ere izan dute. Besteak beste, Laudioko KulturLab proiektua, Amurrioko Gaztetxea edota Aiarako Gazte Lekua bisitatu dituzte. Eskualdeko alor anitzetako gazteekin ere solasaldiak egin dituzte.
Parte hartzaileak pozik
Ikasteko eta disfrutatzeko gogoz etorri dira Erasmus+ proiektuan parte hartzen ari diren gazteak. “Gisa honetako nire lehenengo esperientzia da honakoa, guztiz berria da niretzat —azaldu du Giacomo Galfarék, Rittan herri italiarreko gazteak— Faktoria espazioa bereziki ikusgarria iruditu zait”. Antzeko iritzia du Maria Arnolfo kideak ere; “gustatuko litzaidake horrelako proiektu bat garatzea nire herrian, Piedmont herrian”. “Kultur sorkuntzak esparru desberdinetan duen erabilerak erakarrita etorri gara; hala nola eremu abandonatuen biziberritzean” aipatu dute Blegikatik etorritako Jolien Pittoors eta Warre Van Ingelghem gazteek.