Hauteskunde debatea eskainiko du Aiaraldea Komunikabideak bihar Faktorian

Erredakzioa 2024ko api. 14a, 19:50

EAJ-PNV, EH Bildu eta PPko ordezkarien hartuko dute parte eztabaidan. / Aiaraldea.eus

EAJ-PNV, EH Bildu eta PPko ordezkariek parte hartuko dute eztabaidan, eta presentzialki zein Internet bidez jarraitu ahalko da saioa. 

Astebete falta da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak izateko, eta Aiaraldea Komunikabideak ere jarraipen berezia egingo du horri begira. Hauteskunde debatea antolatuko du komunikabideak bihar (astelehena, apirilak 15) Faktorian, 19:00etan. 

Eskualdean ordezkaritza duten eta hauteskunde hauetara aurkezten diren talde politiko guztiei luzatu zaie eztabaidan parte hartzeko gonbita, bi baldintzarekin: debatea euskara hutsez izatea eta eskualdeko ordezkariek parte hartzea. 

Gauzak hala, hiru alderdi animatu dira biharko zitan parte hartzera: Ander Añibarro Maestre bertaratuko da EAJ-PNVren izenean, Eba Blanco de Angulo EH Bilduren izenean eta Juan Carlos Ruiz Diez, PPren izenean. 

Eskualdean zeresana izan duten gaiak izango dituzte hizpide solasaldian.

Eskualdeko gaiak ardatz

Hauteskundeak EAE mailakoak diren arren, biharko debatean protagonismo berezia emango zaie Aiaraldean modu batean edo bestean zeresana izan duten gaiei. Gauzak hala, Osakidetzaren egoera, industria politika, euskara eta trantsizio energetikoa izango dituzte ardatz EAJ-PNVk, EH Bilduk eta PPk. Ondoren, azken bloke batera pasako dira, zeinean bakoitzak aukera izango duen tintontzian geratu diren bestelako gaien inguruan hitz egiteko. 

Zuzenean zein presentzialki jarraitzeko aukera

Debatea aurrez aurre ikusteko aukera egongo da, Faktoriara bertaratuta. Hala ere, Aiaraldea Komunikabideak zuzenean emitituko du saioa, Aiaraldea.eus atarian eta Youtube, Twitch eta Instagram bidez. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide