“Manipulazio-maniobrak” salatu dituzte Amurrioko Udaleko langileek

Txabi Alvarado Bañares 2024ko api. 19a, 18:00
Udaletxearen aurrean egin dute elkarretaratzea. / Aiaraldea.eus

Elkarretaratzea egin dute berriz gaur goizean, Udal Gobernuari eskatzeko enpresa batzordearekin negoziatzera esertzera. 

Berriro mobilizatu dira gaur Amurrioko Udaleko langileak, iragan ostiralean abiatutako ekimenari jarraiki. 15 minutuko elkarretaratzea egin dute udaletxearen sarreran, enpresa batzordearekin negoziatzea exijitzeko Gobernu Taldeari. 

Prentsa oharrean azaldu dutenez, sindikatuak berriz saiatu dira negoziazio-mahaia abiatzeko data zehazten, “akordio batera iristeko eta mobilizazioak bertan behera uzteko”. Baina, "erantzun ofizialik" jaso ez dutenez, gaurko protesta mantentzea erabaki dute azkenean. 

“Manipulazio-maniobrak”

Are gehiago, “manipulazio-maniobrak” egon direla salatu dute langileen ordezkariek. Euren hitzetan, elkarretaratzea baino hiru ordu lehenago komunikazio pertsonalak bidali dizkie alkateak langileei. “Hori guztia enpresa batzordeari ezer jakinarazi gabe, eta negoziazio-mahaia hasteko eguna eta ordua zehaztu gabe”, nabarmendu dute.

Horrez gain, negoziazioetan enpresa batzordeko kideen parte hartzea baldintzatzea leporatu diote gobernuburuari, hori “guztiz legez kanpokoa” dela nabarmenduta. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide