Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeek are agerikoagoa egin dute alderdi abertzaleen nagusitasuna Aiaraldean. EAJk eta EH Bilduk botoen ia %70 eskuratu dute, %38a bakoitzak, eta alde nabaria atera diote hirugarren indarra den PSE-EEri.
Zenbaketa estua izan da gaur gauekoa, eta bi alderdi nagusiak inoiz baino berdinduagoak ageri dira Aiaraldeko mapa politikoan; EAEko argazki orokorrean baino are parekatuago. Boto kopuruan jeltzaleena izan da garaipena, gailentze hori boto kopuru txiki batek markatu badu ere. EAJk EH Bilduk baino 42 boto gehiago atera ditu; 8.413 eta 8.371 boto lortuta, hurrenez hurren.
Laudion gertatu da berdinketa tekniko horren adibiderik argiena, non bi indarrek boto kopuru berbera jaso duten: 3.327. Aiaran ere murritza izan da bien arteko aldea, hamaika boto baino ez jeltzaleen alde.
EH Bilduk duela lau urte baino 2.072 boto gehiago jaso ditu, eta EAJri hegemonia lehiatzetik oso gertu dago
EH Bilduren hazkundea
Paradoxikoa dirudien arren, EAJk zein EH Bilduk dute zer ospatu eskualdean erdietsitako emaitzetatik. Jeltzaleek lehen indarra izaten jarraitzen dute Aiaraldean, eta ez dute nozitu 2020ko hauteskundeekiko EAE mailako boto galera. Hartara, botoetan ere gora egin dute, apalki bada ere, 108 boza berri eskuratuta.
EH Bilduk, aldiz, azken urteetako gorakada etengabearen bidean jarraitu du azken hauteskunde hauetan ere. Duela lau urte baino 2.072 boto gehiago jaso ditu, eta EAJri hegemonia lehiatzetik oso gertu aurkitzen da. Izan ere, 2020an hautesleen %32,48ak egin zuen zerrenda subiranistaren alde. Aurten, ordea, %38,26koa izan da babes hori.
Amurrion lehen indarra izan da EH Bildu gaur gauean, 2020an baino 457 boto gehiago lortuta. Laudion ia mila botokoa izan da hazkundea, eta koalizioak udalerri horretan inoiz lortu dituen emaitzarik onenak gainditu ditu. Udalerri handienetatik harago ere, Urduñan esaterako, EAEko hauteskundeetan inoiz lortutako emaitzarik onenak eskuratu ditu ezker independentistak.
PSE, PP eta VOX gora
Estatuko alderdiei dagokienez, PSE-EEk lortu du babes handiena. Sozialistek duela laur urte baino 299 boto gehiago jaso dituzte, hautesleen %9,3aren babesa izanez guztira. PPk ere gorakada nabaria izan du. Izan ere, beste 297 boto berri eskuratu ditu, 1.154 guztira, hautesleen %5,27a.
Vox alderdi ultra-eskuindarrak ere indartu egin ditu eskualdeko babesak, minoritarioa izaten jarraitzen duen arren. Guztira, 434 aiaraldearrek egin dute Santiago Abascalen indar politikoaren alde.
Kontrara, ezker konfederala osatzen duten alderdiek behera egin dute. 2020ko hauteskundeetan batera aurkeztu zirenak Sumar eta Elkarrekin Podemos alderdietan banatuta agertu dira aurten; eta biek gaur lortutako botoen batura ez da duela lau urteko emaitzara iristen.
Bost aiaraldear Eusko Legebiltzarrean
Guztira hemeretzi ziren Eusko Legebiltzarrerako Arabako eta Bizkaiko zerrendetan aurkezten ziren Aiaraldeko ordezkari politikoak. Hauteskunde gauak zerrenda doitu, eta bost izango dira azkenean eskualdeko ordezkariak osatzear den legebiltzar berrian.
EAJk bi aiaraldear izango ditu Gasteizko parlamentuan: Ander Añibarro laudioarra eta Jonatan Moreno amurrioarra. EH Bilduko aulkietan, aldiz, hiru izango dira eskualdeko ordezkariak: Eba Blanco, Julen Arzuaga eta Lamia Arcas.