Argiteria publikoa itzaliko dute gaur Laudioko Herriko plazan, Amurrioko Juan Urrutia plazan eta Luiaondoko Gizarte Etxean, Lurraren Munduko Egunarekin dela baliatuta. Gaueko bederatzietan egingo dute ekimena, eta 15 minutuz luzatuko da. “Plazetako argiak itzaliko dira eta manifestu komun bat irakurriko da 3 lekuetan”, azaldu du Aiarako Kuadrillak.
Modu horretan, herritarrak energia aurreztearen beharraz sentsibilizatu nahi ditu tokiko erakundeak. Hain zuzen, Kuadrillako Ingurumen Sailak sustatu du argi itzalaldia, Eskola Agenda 2023 proiektuaren barruan.
Eskualdeko 11 hezkuntza zentrotan ari dira Eskola Agenda 2030 proiektua garatzen. “Energia aurrezteko aholku batzuk kontuan hartuta, ikastetxe bakoitzak horietako bat aukeratu eta prestatu du”, azaldu du Kuadrillak. Erakunde horretako presidenteak (Encina Castresanak) herritar guztiei luzatu die gaurko itzalaldian parte hartzeko gonbita. Aurreratu dutenez, eskoletako familiek parte hartuko dute ekimenean, “olanak, ikastetxeetan egindako kartelak eta txalekoak” eramanez.
Horrez gain, “irratiko lehiaketa” bat ere egin dute apirilaren 15etik hona, eta tokiko produktuekin osatutako bi saski zozkatuko dituzte bihar, ekimen horretan parte hartu duten pertsona guztien artean.