Jai euskaldunak sustatzeko ekimen bateratua aurkeztu dute Aiaraldeko sei udalek

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko api. 25a, 16:00

'Gora Aiaraldeko jai euskaldunak!' ekimena aurkeztu dute gaur goizean Laudio, Urduña, Artziniega, Orozko, Aiara eta Arrankudiaga-Zollo Udalek.

Jaietako hizkuntza paisaian eragiteko ekimen bateratua aurkeztu dute Laudio, Urduña, Artziniega, Orozko, Aiara eta Arrankudiaga-Zollo Udalek: 'Gora Aiaraldeko jai euskaldunak!'. Jai-giroko esparru guztietan eragin eta euskara bultzatzeko asmoa du ekimenak, eta eskualdeko alkate, zinegotzi eta euskara teknikarien ordezkaritza zabal batek babestu du berau gaur goizean Arespalditzan egindako aurkezpenean.

Matxalen Garcia-Escudero Urduñako euskara teknikariak azaldutakoaren arabera, Urduñan azken urteetan garatutako esperientzia positiboan oinarritu dira, dinamika berria martxan jartzeko: "Ekimenarekin bat egin dugun Aiaraldeko 6 udalek gure herrietako jai nagusietan neurriok ezarriko ditugu, urtez urte jai guztietara hedatzeko eta neurri sorta aberasteko asmoz. Gaur bide bati hasiera ematen diogu, pausu gehiago emateko guraz, Aiaraldean euskara bultzatzea xede", adierazi du Garcia-Escuderok.

Neurri zehatzak euskara bultzatzeko

Honako neurriak barnebilduko ditu kanpainak:

  • Euskara sustatzeko euskarriak sortu eta banatuko dira jai-gune eta ostalaritzan, euskararen presentzia bermatu, mezu ezberdinak zabaldu eta erabilera bultzatzeko.
  • Txosnetarako hizkuntza irizpideak ezarriko dira: gutxienez musikaren %65 euskaraz, lehen hitza euskaraz, gazteekin euskarari eutsi, tabernari euskaldun bat txandako gutxienez, azalpenak megafoniatik gazteentzako euskara hutsez eta helduei elebidun gutxienez.
  • Jaietako ekitaldietan hizlari elebidunak eskatu edo eta eskainiko ditu Udalak.
  • Ostalariei euskara sustatzeko gomendioak helaraziko zaizkie gutun bidez, hainbat baliabide haien eskura jarriz.
  • Egitaraua azaltzeko liburuxka, kartel eta web-gunetan ekitaldiak Euskararen Semaforoarekin etiketatuko dira, euskararen presentzia eta euskaldunon hizkuntza aukerak ikusgarri eginez.

Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak txalotu egin du eskualdeko sei udalek garatutako ekimena: "Garrantzitsua da oso emandako pausua, eta balioa eman nahi diogu. Berebizikoa da euskararen normalizazioa lortzeko bidean instituzioen papera. Berebizikoa da elkarlana sustatzea. Berebizikoa da neurri zehatzak eta ausartak bultzatzea. Eta gaur hemen aurkezten den ekimenak guzti horretatik asko dauka".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide