Atzo jokatu zen Amurrioko San Jose auzunean Euskadiko Txirrindularitza Txapelketa kadeteen kategorian. Eskualdeko hainbat kirolarik parte hartu zuten Aiala Txirrindularitza Elkartearen eskutik eta horietako bat, Ion Egia, bigarren izan zen.
Dena den, erronka ez zen samurra izan laudioarrarentzat. Izan ere, aurreko egunetan gaixorik egon zen eta ez zen sasoian heldu probara. Hori bai, etxean izanik, bere zaleen aurrean, dena eman zuen gazteak.
Gauzak horrela, Egiak horrela deskribatu du esperientzia: "Lasterketa oso azkarra izan da eta ihesaldiak oso zainduta egon dira, Zaraobeko pasabide guztietan asko estutzen zen eta katarroagatik dezente sufritzen nuen, azken pausoan ia ezin ginen aurrean zegoen taldearekin pasa, baina azkenean gure aukera esprintean izan zen".
Egiak helburuari eutsi zion atzo eta esprintean sartu zen hamaika txirrindulariekin batera. Soilik Eñaut Bilbaok zeharkatu du helmuga bera baino lehen.
Laudioarrari zapore gazi-gozoa geratu zitzaion, baina, aldi berean, pozik zegoen emaitzarekin, aintzat hartuta ez zela guztiz sasoian egon: "Azken egun hauetan igarotako guztiaren ondoren, probari balorazio ona eman diogu, eta oso pozik gaude erakutsi dugun errendimenduarekin".
Argazkiak: Chris Gomez Dominguez