Bizkaiko Renfeko enpresa batzordeak salatu du hurrengo zazpi egunetan C1, C2 eta C3 lineetan (hau da, Aiaraldea barne) 200 tren zerbitzu gutxiago egongo direla. Sindikatuek, gainera, nabarmendu dute hori ez dela izango matxuren edo beharginen faltagatik, baizik eta gerentziak modu desegokian kudeatu dituelako bitartekoak.
Hain zuzen, gerenteek erabaki dute lau hilabetetan orekatzea iaz gidariek egindako gehiegizko lanaldiak. Ondorioz, nahiz eta "inoiz baino makinista gehiago egon", ez dituzte zerbitzu guztiak eskainiko. Gertatutakoa "etzigarritzat" jo du enpresa batzordeak.
Sindikatuek adierazi dute egoera aurreikusi zutela, baina konpainia publikoko arduradunek ez zietela jaramonik egin. Gauzak horrela, langileen antolakundeek barkamena eskatu diete erabiltzaileei, sortuko diren eragozpenengatik.
Jakiteko zein zerbitzu kendu dituzten, enpresak berak jakinarazi du Renfe Cercanias aplikazioa deskargatzea dela onena eta Avisos atala begiratzea.