Kultur sorkuntza Aiaraldean

"Gustuko dugun musika egiten dugu, ez dugu begiratzen ea estilo hori gaur modan dagoen edo ez"

Txabi Alvarado Bañares 2024ko eka. 3a, 12:00

Laudio, Arrankudiaga-Zollo eta Ugaoko lau lagunen artean osatu dute taldea. / Argazkiak: Martí Lucas Feliu

Laudio, Arrankudiaga-Zollo eta Ugaoko lau lagunen artean osatu dute EZ DOK BAPE taldea. Ugaon eskaini zuten lehen emanaldia apirilean, eta Faktorian arituko dira datorren ekainaren 7an.

Ibilbide luzeko musikarien artean osatu duzue Ez Dok Bape taldea. Nolatan batu zineten eta nola sortu zen talde berri bat eratzeko ideia?

Beno, ibilbide luzekoak dira Josu (Danba) eta Gorka (Siroka, Zeinda zein, Feos pero Majos, Neguri Gorriak…). Goio RRVren garaian ibili zen hainbat taldetan, baina denak ibilbide laburrekoak izan ziren, eta Irkusentzat, baxua jotzen aspaldi hasi bazen ere, lehen zuzenekoa izan zen Ugaokoa. 

Batu gara, laurok musikariak izateaz gain, batez ere musikazaleak garelako, kontzertu askotara joaten gara eta urrats naturala izan da gu ere oholtza gainera igotzea. Taldearen sorrera, bestalde, agian ez zen izan horren ‘naturala’. Izan ere, taldearen ideia Alacanteko espetxerako bisitetan sortu zen Irkus eta Goioren artean, erdi seriotan erdi brometan. Aurrerago, garai hartan Ugaoko Dorretxean tabernari zebilen Itzik bere burua eskaini zuen kantari moduan eta Gorka ekarri zuen taldera. Orain hilabete batzuk, Josu sartu zen taldera, daukan eskarmentu eta estiloaz taldearen kantak beste dimentsio batera eramanez.


“Kontzertu askotara joaten gara eta urrats naturala izan da gu ere oholtza gainera igotzea (...) Taldearen ideia Alacanteko espetxerako bisitetan sortu zen Irkus eta Goioren artean, erdi seriotan erdi brometan”


Guztiak zatozte punk eta rock esparrutik. Horrek erraztu du talde berriaren estiloa topatzea? Edo kostatu zaizue ahots eta estilo berria bilatzea?

Argi dago taldeko lau kideok punketik edaten dugula, bai musikalki bai ideologia aldetik, baina ikuspegi zabalagoa daukagu. Kantu batzuetan, adibidez, perkusio elektronikoa erabiltzen dugu, eta beste batean marakak. Batzuk punkarragoak dira, eta beste batzuk rockeroagoak. Kanturen batekin  dantza egin daiteke eta guzti! Dena den, uste dugu aniztasun txiki hori nahiko modu homogeneoan eskaintzen dugula, ‘gurea’ izan daitekeen estilo batean.

“Abesti batzuk punkarragoak dira, eta beste batzuk rockeroagoak. Kanturen batekin dantza egin daiteke eta guzti!”

Punk eta rock talde bat plazaratu duzue, genero horiek beherakada izaten ari diren garaietan. Gaur egungo joerek zeozertan baldintzatu dute zuen proiektua?

Ez, ez. Guk egiten dugu gustuko dugun musika, entzuten duguna, mugiarazten gaituena, barrutik zein kanpotik, eta ez dugu begiratzen ea estilo hori gaur modan dagoen edo ez. Bestetik, eta beherakada aipatu duzunez, rock estiloa, eta bere aldaerak, hainbatetan egon dira kolokan musikaren historian zehar, hainbatetan desagertuko zirela iragarri zuten garaiko bisionarioek.

Hala ere, hortxe dirau, bizirik, unean uneko modaren olatuetan igeri, hondoratu barik. Neil Young handiak 1979 urrun hartan kantatzen zuen bezala, Hey hey, my my, Rock and roll can never die!. Zorionez, 2024an ere gazte askok jotzen du rockanrola.

Nondik dator 'Ez dok bape' izena?

Ez Dok Amairu kultur mugimendutik. Alde batetik, omenaldi gisa, oso garrantzitsua izan baitzen 1960ko hamarkada amaieran euskal kultura berpiztu eta, era berean, modernizatzeko. Baina bestetik, eurek izena, dakizunez, kondaira batetik hartu zuten, ez zegoela hamairurik, baina bai aurreko hamabiak, denak erlijioarekin loturikoak, jainkoarengandik hasi eta hamabi apostuluekin amaituta. Guk, ordea, diogu ez dagoela bat ere, kristautasuneko kontu guztiak ukatzen ditugu. 

Anekdota moduan esan behar dugu Irkusek izen hori lehen aldiz entzun zuela hamabi urte zituenean, Ugao Ikastolako maisu Goioren ahotik: ‘sortuko dudan hurrengo musika taldeak Ez Dok Bape izena izango du’. Eta 30 urte beranduago, taldea sortu da, kar, kar, kar…

“Rock estiloa, eta bere aldaerak, hainbatetan egon dira kolokan musikaren historian zehar, hainbatetan desagertuko zirela iragarri zuten garaiko bisionarioek. Hala ere, hortxe dirau, bizirik, unean uneko modaren olatuetan igeri”

Nolakoa izan da abestien sorrera prozesua? 

Kanten ideiak Goiok dakartza lokalera, bai letra eta bai musika. Lokalean denon artean lantzen ditugu, hemen zubi bat jarriz, melodia egokituz, estribilloa errepikatuz, abiadura aldatuz… eta hortxe sortzen da benetan abestia. Beraz, denon artean egiten ditugula esan dezakegu. Beno, letrak ez, normalean horiek ekarri bezala geratzen dira.

Abesti propioekin igoko zarete taula gainera. Zer aurreratu dezakezue zuen kanten inguruan? 

Letrak politikoak dira, azken finean bizitza bera ere politikoa dela uste dugulako, hartzen ditugun erabakiak, hartzen ez ditugunak, portaerak… Hori bai, kasu batzuetan mezua argi dago, ez dago bigarren irakurketarik, Amets hautsiak edo Maskara erantzita abestietan bezala. Baina, orokorrean, asmoa da irakurketa irekiagoko letrak sortzea, abiapuntu bat eman eta hortik entzule bakoitzak bere esperientziatik letra bere egin dezala. Eta estiloa? Etiketak jartzea batzuetan zaila da, baina aurreko elkarrizketa batean honela definitu genuen: Punk-rock “ez oso ortodoxoa”, reggae kutsu bategaz. Uste dugu baliagarria dela definizio hori.

“Letrak politikoak dira, azken finean bizitza bera ere politikoa dela uste dugulako”

Baduzue zuen kantak grabatzea pentsatuta?

Bai, Beñat Ramos musikari ugaotarrarekin grabatzeko asmoa dugu, baina ondiño ez dugu data zehaztu, ez baita erraza denon agendak bateratzea. Baina, zaudete lasai, grabatzen dugunean zuek izango duzue horren primizia!

Ugaon eskaini zenuten lehen kontzertua. Nola baloratzen duzue orain arte izandako harrera?

Itzela! Gu oso gustora ibili ginen eta, esan digutenez, Dorretxea bete zuen jendea ere bai. Ezin pozago lehen kontzertua izanik. Bestalde, ‘etxean’ jokatzen genuen eta horrek, alde batetik, lasaitasuna ematen badizu ere, aldi berean, exijentzia maila igotzen dizu. Apaltasunez, uste dugu maila eman genuela. Errepikatzeko modukoa.

“Gure asmoa ez da amaigabeko bira batean hastea edo musikan modu profesionalago batean aritzea”

Ekainaren 7an joko duzue Faktorian. Zer topatuko du zuen zuzenekora bertaratzen denak?

Mimo handiz prestatutako ordubete inguruko kontzertu bat, punk-rocketik abiatuta beste genero batzuetara jauzi egiten duen saioa. Eta batez be, ondo pasatzeko aukera bat. Hemen komentatu behar dugu kontzerturako sarrera doakoa dela eta, amaitutakoan, ikusleek baloratu/erabakiko dute zenbat ordaindu. Atzekoz aurrerako sarrera-edo izango da.

Epe ertain eta luzera begira, zeintzuk dira talde moduan dituzuen asmoak?

Epe ertainera, lokalean jarraitzea entseiatzen, kanta berriak sortzea eta zuzenekoak eskaintzea. Eta batez ere, ondo pasatzea, jakina. Epe luzera, berdin antzera. Adin bat dugu, familia, batzuek adin txikiko seme-alabak… eta, beraz, gure asmoa ez da amaigabeko bira batean hastea edo musikan modu profesionalago batean aritzea. Beraz, esan bezala, kantak sortzen, entseatzen eta zuzenean jotzen arituko gara.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide