Inprentatik atera berri da Aiaraldea Hemen hamabostekariaren 199. zenbakia. Gai eta elkarrizketa ugari jorratu ditu agerkariak 32 orrialdeetan.
Tokiko merkataritzak hartu du hamabostekariko azala. Izan ere, Izan Amurrio eta APILL elkarteetako kideekin bildu gara sektorearen egoera aztertzeko, eta ez da bereziki xamurra: azken bost urteetan 70 komertziok baino gehiagok jaitsi dute pertsiana Aiaraldean. Datu horren atzean dagoen errealitatea aztertu dugu.
Bestelako gaiak ere jorratu ditugu agerkarian, eta izen propio ugari topatuko ditu irakurleak bertan: Daniela Hristova umoregilea, Maite Muguruza futbolaria, Ez Dok Bape musika taldea edota Jon Andoni Martinez eta Andoni Agirretxe tenis jokalariak. Azken hilabeteko festei ere eskaini diegu tokia, argazki galeria zabal batekin.
Hauek eta beste hainbeste gai aurkituko ditu irakurleak Aiaraldea Hemen hamabostekariko orrietan. Datozen egunetan banatuko da hamabostekaria eskualdeko saltoki, taberna, ikastetxe, kulturgune, liburutegi eta kaleetan, doan.