IZAN AMURRIO ETA APILL

“Ezin diogu auzokideari leporatu gertatzen ari dena, inola ere ez. Baina guztioi dagokigu arduraz jokatzea”

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko mai. 14a, 07:00

Izan Amurrio eta APILL elkarteetako kideak dira Diaz eta Vivanco, hurrenez hurren. / Aiaraldea.eus

SELENE DIAZ eta IÑAKI VIVANCO Amurrio eta Laudioko merkatari eta ostalarien elkarteetako kideak dira. Tokiko-komertzioaren egoeraz eta erronkez hausnartu dute.

Datuei erreparatuta komertzio galerarik egon da azken urte hauetan eskualdean?

Iñaki Vivanco: Guk esku artean ditugun datuei erreparatuta, bai, argi eta garbi. Oso adierazgarria den aldagaia dentsitate komertziala da. Dentsitate komertzialak erakusten du zenbat biztanle dauden inguruan zabaldutako komertzioekiko. Hemen oso argi ikusten da datuak behera egin duela. Laudion, gainera, nabarmen egin du behera dentsitate komertzialak Amurriorekin alderatuz gero. 2018an handiagoa zen dentsitate komertziala gure udalerrian, orain datu hori aldatu egin da.

Aldagai horren atzean komertzioen zifra errealak daude: 2018tik gaurdaino 46 komertzio gutxiago daude Laudion, eta hamar komertzio gutxiago Amurrion. Datua ikaragarria da!

Gaian sartuta; nola interpretatzen duzue zuek komertzioak azken urte hauetan izan duen bilakaera?

Selene Diaz: Komertzio batek itxi egiten badu, ez da berriro zabaltzen, hori da gaur egun dugun arazorik argiena. Lehen askoz agerikoagoa zen erreleboa zegoela, orain ez dago. Komertzio berdina ez bazen ere, jendeak berria zabaltzen zuen aurrekoak utzitako lekua betetzeko. Ez dakit garai batean erraztasun handiagoa egongo zen, baina gaur-gaurkoz komertzio batek pertsiana jaisten duenean, behin betiko galtzen da.

I.V.: Ez dago belaunaldi aldaketarik. Nire burua ikusten dut, eta seme-alabei funtzionario izateko presta daitezela esaten diet. Eurak dira gure egoera zein den ikusten duten lehenengoak, eta ez dute merkataritzan lanean jarraitzeko inolako asmorik. Nolatan egongo dira astelehenetik igandera lanean?

Belaunaldi aldaketa izan daiteke gaur egungo egoeraren sintoma nagusia?

I.V.: Erpin asko dituen diagnostikoa da: Erosketa ohituren aldaketa egon da, meteorologiaren aldaketak ere hankaz-gora jarri ditu arropak erosteko ohiturak, doako garraio-publiko zerbitzuak kontsumitzaileak Bilbora mugiarazten ditu…

S.D.: Azken urtean hori izan da gehien kaltetu gaituen kontuetako bat.

“Erosketa ohituren aldaketa egon da, doako garraio-publiko zerbitzuak kontsumitzaileak Bilbora mugiarazten ditu…”

Aztertu ditzagun arazoak banan-banan. Doako tren-zerbitzuak kaltea eragin dizuela diozue, zergatik?

I.V.: Jendeak Bilbora jaisteko ohitura hartu du. Kafe bat har dezakeen modu berdinean erakuslehio batek erakarri dezake, hor badago herrian egingo ez duen erosketa bat

S.D.: Bada bizi dugun oztopoetako bat. Bilbora doazen herritarrek ez dute soilik erakusleiho erakargarrietara jotzen, oinarrizko produktuak ere bertan erosteko ohitura nagusitzen ari da. Bada barazkiak Bilboko osteratxo horietan erosten duenik ere.

I.V.: Abandoko tren geltokian bertan dago supermerkatu bat. Hura ikusi eta bertan sartzeko joera du jendeak. Guk merkatari bezala analisi bat egin beharko dugu horren aurrean, baina erosleoi ere dagokigu analisia egitea; zer nolako azpiegiturak nahi ditugu herrian?

Ardura konpartitua da beraz.

I.V.: Ezin diogu auzokideari leporatu gertatzen ari dena, inolaz ere ez. Baina guztioi dagokigu arduraz jokatzea. Denon artean erabaki beharko dugu etorkizun hurbil batean zer nolako merkataritza eta ostalaritza nahi ditugun gure herrietan, zer nolako zerbitzuak. Auzokide bezala kirol-azpiegiturak, kultura esparruak… nahi ditugu. Auzokide bezala merkataritza bizia ere nahi dut nik. Merkataritzak bizia ematen die kaleei, argitasuna… eta batez ere enplegua. Izan ere, lanpostu asko daude eskualdean merkataritzari lotuak, gehienak lanpostu finkoak, ziurtasuna ematen dutenak.

Merkataritzaren egungo egoera bultzatu duten faktoreekin jarraituz; izan al zen COVID-19aren pandemia inflexio puntua?

I.V.: Pandemiak erosketa ohituren aldaketa suposatu zuen. Pandemian herri guztia atera zen kalera tokiko-komertzioa defendatu nahi zuela esanez, baina salbuespen neurriak altxatu zituzten lehenengo egunean, guztiz ahaztuta geratu zen kontu hori

Tendentziak aldatu egin dira pandemiaz geroztik, eta merkataritzak ez bezala, ostalaritzak lortu du goranzko joera apal bati eustea. Ohitura aldaketa nabarmena egon da kontsumitzaileon artean, gehiago ateratzen gara tabernetara. Jatetxeen kasuan, aldiz, lehen aipatutakoa gertatu da: gehiago jotzen dugu hiri handietako jatetxeetara eta tokiko eskaintzak behera egin du.

“Elkarteetan etengabe ari gara aurrera egin nahian, ikastaroak eginez errealitate berrira egokitzeko, baina gero ez dugu feedback-ik jasotzen”

Zer egin daiteke merkataritza elkarteetatik egoera iraultzeko?

I.V.: Nik uste lanean gaudela honezkero. Elkarteetako teknikariak buru-belarri ari dira lanean komertzioa dinamizatzeko eta merkatariak ahalduntzeko. Hori da komertziook egin dezakegun gauza bakarra, datorrenari eutsi eta egoera berrira egokitzen ikasi, salmenta fisikoa zein Internet bidezkoa uztartuz, esaterako.

S.D.: Nik nabaritzen dut elkarteetan etengabe ari garela aurrera egin nahian, ikastaroak eginez errealitate berrira egokitzeko, baina gero ez dugu feedback-ik jasotzen bezeroarengandik; egindako lanak ez dituela benetan beharko lituzkeen emaitzak jasotzen.

Zer zaudete lantzen bereziki formazio horietan?

S.D.: Nagusiki errealitatera ohitzeko tresnak lantzen ditugu. Jendeak geroz eta gehiago jotzen du Internet bidezko erosketetara, gu ere zerbitzu hori eskaintzen ahalegintzen gara. Lehen aipatu dugun belaunaldi aldaketa faltarekin lotuta, eskualdeko merkatari gehienak pertsona nagusiak dira, teknologiarekin ez oso ohituak. Izugarrizko ahalegina ari gara egiten denok, bezeroen beharrizanetara ohitzeko. Modu berean sentitzen dut herritarrak ez direla egiten ari garen ahalegin erraldoiaren jakitun.

I.V.: Bestelako formakuntzak ere eskaintzen ari gara elkarteetatik: erakusleihoak nola atondu, enpresa bat nola kudeatu…

S.D.: Formakuntza saio hauek guztiek izugarrizko harrera daukate merkatarien artean. Askok ematen dute izena, eta orokorrean badago egoerari aurre egiteko nahi handia.

Ala eta guztiz ere, bezeroen erantzuna ez dator bat merkatarien ahaleginarekin, zergatik?

S.D.: Nik uste ezjakintasuna dela arrazoi nagusia. Ohituak gaude pentsatzera Internet bidez egindako klik bakarrarekin hurrengo egunean bertan jasotzera nahi dugun hori. Ziur etxe azpiko dendara jaitsiz gero ere, egun batetik bestera lortu dezakezula nahi duzun hori, baina ez dugu urrats hori ematen. Uste dugu tokiko-komertzioa fisikoa dela soilik, eta azken errekurtso bezala jotzen dugu bertara. Errealitatea oso bestelakoa da; komertzio gehienek web-orri propioa daukate, eta produktuak askoz eskuragarriago dituzte.

I.V.: Sentsibilizazio asko galdu da ere. Lehen auzokideok herriko zati inportantetzat genituen komertzioak, orain ez da horrela. Uneoro ari gara sentsibilizazio kanpainak egiten, baina ez gara iristen nahi dugun tokira.

“Ez dut uste tokiko-merkataritza desagertuko denik, baina ezinbestekoa da denok batera hori defendatzea. Gaurdanik ez badugu ezer egiten, bihar beranduegi izango da”

Administrazio publikotik behar beste neurri eta baliabide iristen direla uste duzue?

I.V.: Instituzioen laguntzaren mende gaude askotan, baina erakundeei ere sentsibilizazio handia falta zaie. Aiaraldean daukagun industriak ere eragin zuzena dauka komertzioan. Egunero dago ahulago. Administrazioetatik ez badira beste mota bateko jarduera-industriala erakartzeko gai, oso gordin daukagu. Bertoko fabrikek geroz eta langile gutxiago dituzte, eta, horren ondorioz, geroz eta auzokide gutxiago gara. Komertzioen gainbehera dator biztanleen beherakadarekin. 

Industria teknologikoaren aldeko apustua egin beharko luke Diputazioak. Industria badago, komertzioa dago.

S.D.: Nire iritziz Udalak duen gabezia da, bertako ordezkariek ere ez dutela herrian erosten. Guk asko presionatzen dugu tokiko-merkataritza babesteko kanpainak eskatuz, eta urtean bakarra egiten dute. Nik benetan nahi dudana da, ordea, herrian erostea eta tokiko-merkataritza balioan jartzea.

Zer onura du merkataritza elkarte bateko kide izateak?

I.V.: Elkarteak, batasunak, indarra ematen du. Herrietako merkataritza dinamizatzeaz arduratzen gara, aktibitatea sortzen dugu.

S.D.: Egiten ditugun ekimen guztiak herriarentzako dira. Kanpainak gauzatzeko jasotzen dugun diru-publikotik zentimo bat ere ez doa komertzioetara, baizik herrian giroa eta sentsibilizazioa sortzera.

Nik uste elkartean egoteak babes handia ematen duela. Interes berdina duten norbanakoz osatutako talde baten parte izatea da, norabide berdinean lanean ari direnak. Edozein zalantza argitzeko tekniko bat eskura izatea ere bada, erraztasun handia ematen digu komertzioei.

Badira ere APILL eta Izan Amurrio bezalako elkarteetatik kanpo dauden komertzioak. Zer nolako egoeran aurkitzen dira horiek?

I.V.: Guk alde bateko zein besteko komertzioa sustatzeko egiten dugu lan. Eskualdean geroz eta gehiago dira kanpotik etorritako frankiziak. Ohikoan frankizia horiek ez dira elkarteetara batzen. Kontrara, egiten ditugun dinamikak eta sentsiblizazio kanpainak haien onurarako dira. APILLek zein Izan Amurriok udalerrietako merkatari eta ostalarien kopuru murritza batzen dugu, %50 baino zertxobait gutxiago. Elkarteko kide izateak kostua dauka, baina guk elkartetik egiten dugun lana ere onuragarria da elkartean izena-emanda ez daudenentzat ere. Udalek ekarpena egin beharko lukete elkarteetan komertzio eta ostalarien %100 biltzeko; hala nola kuota gastuak kubrituz.

Nola ikusten duzue tokiko-merkataritzaren etorkizuna?

I.V.: Gure lana da etorkizun baikorra irudikatzea. Horrela imajinatu behar dugu, horretarako ari gara lanean eta. Herritarrekin elkarlanean eraiki behar dugu etorkizuna, batak eta besteak nahi duena izango baita eraikiko duguna.

S.D.: Ez dut uste tokiko-merkataritza desagertuko denik, baina ezinbestekoa da denok batera hori defendatzea. Gaurdanik ez badugu ezer egiten, bihar beranduegi izango da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide