Israelen erasoaldiak Gazan zazpigarren hilabetea bete du eta indarkeria Rafahko pasabidera zabaltzen ari denean, nazioarteko protesta uholdea piztu da. Munduko hainbat txokotan, unibertsitateetan eta Eurovision jaialdian bertan mobilizazioak antolatu dituzte eta Aiaraldea ez da salbuespena.
Gauzak horrela, lau elkarretaratze egingo dituzte eskualdean: hiru Laudion eta beste bat Amurrion. Lehenengoak bihar bertan izango dira, Laudio zein Amurrioko herriko plazetan, 12:30ean. Gernika-Palestina egitasmoak egindako deialdira batu dira tokiko eragileak.
Laudion, herriko plataformak ez ezik, Udalak ere iragarri du parte hartuko duela kontzentrazioan.
Astelehenean, aldiz, Ikama ikasleen antolakundeak deitu du elkarretaratzea "Genozidioa gelditu! Palestina askatu!" lelopean. Lamuza plazan izango da hitzordua 12:00etan.
Toki berean, baina asteazkenean 18:30ean, egingo dute mobilizazioa Laudioko Gaztetxeak eta GKSk, lema honekin: "Israelen eta bere Mendebaldeko konplizeen aurka, Palestina askatu!"
Gogoratu beharra dago inbasio israeldarrak 32.000 hildako baino gehiago eragin dituela azken hilabeteetan eta erdia adingabeak direla, gainera.