Biderkatu egin dira Palestinaren aldeko elkartasun keinuak Aiaraldean, Israelek Gazaren kontrako ofentsiba azken muturrera eramaten ari den unean. Gaur Amurrion eta Laudion egin dituzte elkarretaratzeak, Gernika-Palestina herri ekimenak Euskal Herri luze zabalean deituriko mobilizazioekin bat eginez.
Elkarretaratzeetan oso presente izan dituzte Gaza hegoaldeko Rafha inguruko herritarrak. Azken egunetan areagotu egin ditu Israelek zonalde horren kontrako erasoak. Ofentsiba hasi zuenetik 32.000 lagun baino gehiago erail ditu estatu sionistak.
ARGAZKIAK | Elkarretaratzeak egin dituzte Amurrion eta Laudion, Gernika-Palestina herri ekimenaren deialdiarekin bat eginda.
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) May 11, 2024
Laudio-Palestina taldeko kideekin elkartu gara
Ikusi argazkiak hemenhttps://t.co/bI8STcUASy pic.twitter.com/ulDw8UN8iy
Mobilizazio gehiago
Palestinaren aldeko elkartasunak ez du etenik, eta datorren asterako deialdi gehiago daude deituta eskualdean. Astelehenean (maiatzak 13) Laudioko Lamuza Plazan elkartuko dira Aiaraldeko ikastetxe guztietako ikasleak, Ikama Ikasle Antolakundeak deituta.
Maiatzaren 15ean, berriro izango da Lamuza Plaza Palestinaren aldeko elkartasunaren erdigune. GKSk eta Laudioko Gaztetxeak elkarretaratzea deitu dute 18:30ean.