Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak alegazioak idatzi eta eskuragarri jarri ditu, herritarrek eurek aurkeztu ditzaten.
Taldeak kritikatu du Solariak 100 kilometroko goi-tentsioko linea eraiki nahi duela eskualdea zeharkatuta eta energia berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak ez duela mugatzen azpiegitura horien biderkatzea.
Halaber, plataformak honakoa adierazi du: "Eusko Jaurlaritzako Industria Departamentuaren jokabidea errespetu falta bat da, Lurralde Antolamenduaren zein Eusko Jaurlaritzaren arauak hausten baititu. Oso goi-tentsioko linea berri hau (400 Kv, 100 Km) Energia Berriztagarrien LPSko azpiegitura elektrikoetan ez dago aintzat hartuta eta indarrean dauden lurralde arauak urratzen ditu; hala nola, hirigintzakoak, ingurugirokoak, nekazaritza eta basogintzakoak, azpiegiturazkoak, ondare kulturalarenak eta osasunarenak. Gehiegizkoa da, herritarrekiko mespretxu handia".
Alegazioa aurkezteko epea ekainaren 19an amaituko da eta hemen deskargatu daiteke dokumentua. Modu ezberdinetan aurkeztu daiteke:
- Udalen erregistroan, Eusko Jaurlaritzarekin duten hitzarmen baten bidez.
- Posta arruntaren bidez, Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariari zuzendua.
- Sinadura elektronikoaren bidez, hemen.
- Egoitzan: Donostia-San Sebastian kalea 1, 01010 Gasteiz.
Aiarako Udalak ere helegiteak prestatuko ditu. Pasa den astean bilera egin zuen eta horrela erabaki zuen herritarrekin. Tokiko erakundeak administrazio batzarrei luzatuko die alegazioak sinatzeko aukera eta herritarrentzako ereduak ere landuko ditu.