Arabako Foru Aldundiak jakinarazi du jadanik zein proiektuk gainditu duten 2025eko parte hartzerako aurrekontuen lehen fasea. Guztira, hamahiru egitasmok lortu dute eta urriaren 1etik azaroaren 8ra izango dute herritar arabarrek aukera bozkatzeko eta hautatzeko zeintzuk egikarituko diren. Eskualdean lau proiektu egongo dira.
Bola jokoa indartzeko hobetsi dute Arespalditzan bolatokia jartzea. Aurreratu dutenez, eraikinak kristalezko itxitura irekiak izango lituzke, gainera. "Lurzatiak forma irregularra du gaur egun, eta 'L' formako eraikuntza bat egin nahi da. Horrela, zerrenda angeluzuzen batean bolatokia dago, eta horri gela angeluzuzen bat gehitu behar zaio. Bi eraikinak bi isurialdeko egurrezko estalki batek estaliko ditu, eta, horrela, portxe ireki bat sortuko da hego-mendebaldeko norabidean", erantsi dute.
Soxogutin, berriz, errota hidraulikoa konpondu nahi dute, ondare elementu gisa hondatuta baitago. Horrez gain, Sopeñako errege bidera gehitzea izango da xedea. Historikoki duen garrantzia azpimarratu du Arabako Foru Aldundiak, zentzu horretan: "Pascual Madozen Espainiako estatistika historikoaren hiztegi geografikoan eta itsasoz haraindiko edukitzetan (1849), irin-errota baten existentziaren erreferentzia agertzen da Sogoxutin, eta Artziniegako udalerrian lau ere egon ziren. Soxoguti da barne- eta kanpo-egiturari eusten dion bakarra. Oraindik ere, XX. mendearen erdialdean, Soxogutiko bizilagunek errotako lanak egiten zituzten. Errota hori aurreko mendeko 1990eko hamarkadaren erdialdean zaharberritu zuten, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako gazte boluntarioen kanpamendu baten bidez".
Azkenik, Amurrioko Mendiko Eskolako patioa tapatzeko obra dago, aire zabaleko espazio ireki bilakatze aldera. "Ekimen honek funtzio anitzeko espazio bat sortu nahi du, eskola-komunitateari eta bertako biztanleei mesede egingo diena. Estalkiak patioaren erdialdetik eraikin nagusiaren fatxadaraino hartuko luke, eta alboetatik irekitako egitura diseinatua izango luke", zehaztu dute. Erabilera anitza aurreikusi dute, argitu dutenez: "kontzertuetarako, antzerki-ikuskizunetarako, merkatuetarako, herri-bazkarietarako eta beste jarduera batzuetarako erabil liteke, hala nola Oporretan Euskaraz egiteko (uztailean egiten da eta haurrak batzen dira) eta egoiliarren gizarte-loturak indartzeko. Gaur egun, Amurrion, ez daukagu horrelako espaziorik, eta Mendiko Eskola oso erdigunean dago".
Azkenik, Aiaran birziklatzeko edukiontzi irisgarriak jarri nahiko lituzkete, aniztasun funtzionala duten pertsonen aukera berdintasuna bermatzeko.