Gure Esku Aiaraldeak bi ekitaldi deitu ditu ekainean, Belandian eta Oletan

Aitor Aspuru Saez 2024ko eka. 6a, 08:00

Hainbat ekitaldi egin ditu Gure Esku Dagok Oletan jadanik. / Aiaraldea.eus

Belandian Larruazabalgo kutxaren historia ezagutzeko aukera emango dute eta Oletako zelaian elkarretaratzea eta jaia egingo dute erabakitzeko eskubidearen alde.

Gure Esku Aiaraldeak bi egitasmo prestatu ditu ekainerako. Alde batetik, 500 urte baino gehiego dituen Larruazabalgo kutxa izango dute hizpide. Belandia, Lendoñogoiti, Lendoñobeiti eta Mendeikako Administrazio Batzarrek -Bizkaiko bakarrak- erabiltzen dute artxibo gisa duela hainbat mende eta Belandiako elizan dago.

Jose Ignacio Salazar Arechalde historialariak Larruazabalgo erakundeen historiari eta bere elementu horri buruzko hitzaldia emango du ekainaren 16an 11:00etan.

Oletako landetan ekainaren 30ean

Horrez gain, Gure Eskuk Oletako landak hartuko ditu berriro ekainaren 30ean. Jarduera Urduña, Artziniega eta Amurrioko plazetan hasiko da mendi ibilaldiekin. Abiapuntu bakoitzetik Sopeñako Bidearen bide balizatuari jarraituko dute Oletaraino.

Han ospakizunak 11:00etan hasiko dira. Goizean herri kirolak, musika, dantzak... egongo dira.

Eguerdian, Josu Etxaburuk erabakitzeko eskubideari eta Gure Eskuren hurrengo ekimenei buruzko hitzaldia emango du. Arratsaldeko ordu biak aldera herri bazkariaren txanda helduko da. Antolatzaileek aldez aurretik jakinaraziko dute non erosi ahal izango den bazkarirako txartela. Eta bazkalondoan, erromeria. Txosna jarriko dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide