ANALISIA

Abstentzioa, EH Bilduren garaipena, EAJren gainbehera eta alderdi espainiarren polarizazioa marraztu dituzte atzoko hauteskundeek Aiaraldean

Aitor Aspuru Saez 2024ko eka. 10a, 21:05

Eskualdeko herritar askok ez zuten bozkatu atzo. / Aiaraldea.eus

Atzo egindako Europako Legebiltzarrerako hauteskundeek hiru ardatz utzi dituzte Aiaraldean: abstentzioaren areagotzea, EH Bilduren eta EAJren arteko lehia eta politika espainiarraren polarizazioa PSOE eta PPren artean.

Ekainaren 9ko hauteskunde europarren ia emaitza osoak jasota, hiru puntu kardinaleko irudia utzi dutela esan daiteke. Alde batetik, abstentzioaren hazkuntza dago. Izan ere, 2019an hautestontziak betetzera joan ez zirenak erroldatuen %29,50 izan ziren eta atzo, ordea, %47,11a izatera heldu ziren abstenitu zirenak. Egia da Europako politikak, urrun sumatzen diren neurrian, ez dutela beste deialdi batzuen interes bera herritarrentzat. Baina, hala ere, ezin da ukatu aiaraldear ugarik adierazi dutela erabaki esparru horrekiko atxikimendu falta.

Bestalde, euskal politikaren lehiak (duela hilabete gutxi izandakoa Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan) ere isla izan zuen atzo, baina beheranzko irudi batean. Hau da, EH Bilduk EAJ baino ia 1.000 boza gehiago eskuratu zituen eskualdean. Baina, aldi berean, koalizioak 594 boto gutxiago erakarri zituen 2019arekin alderatuta.

Ildo hori jarraiki, EAJren boza odolustea deigarria da. 2019an 9.419 lagunek eman zioten babesa, atzo, aldiz, 4.676 izan ziren. Hau da, ia boto kopuruaren erdia galdu dute jeltzaleek.

EH Bilduk EAJ baino ia 1.000 boza gehiago eskuratu zituen eskualdean. Baina, aldi berean, koalizioak 594 boto gutxiago erakarri zituen 2019arekin alderatuta.

Alarma argiak pizteko modukoa da hori, baina egia da zenbait aldagai aintzat hartu  daitezkeela emaitza erlatibizatzeko. Alde batetik, abstentzioaren pisua dago. Bestetik, kontuan hartu behar da espainiar politikaren eragina bozkatzaileengan, Hego Euskal Herriko bozak maiz aldatzen baitira hauteskunde batetik bestera. Finean, EAJk Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak irabazi zituen duela gutxi (eta hori da benetan jeltzaleentzako hitzordu nagusia) eta horrek ere arnasa ematen dio atzoko emaitzak patxadaz hartzeko.

Espainiar politikaren talka

Euskal alderdien arteko lehia beheranzko joeran gertatu zen bitartean, PSOEk zein PPk 2019ko hauteskundeetan baino boza gehiago jaso zituzten. PSOEk ia 1.000 bototan handitu zuen bere uzta (967) eta PPk 252 bototan. Ziurrenik, esparru espainiarrean gertatzen ari den polarizazioak eragin zuen testuinguru horretan interes politikoa dutenak askoz gehiago mobilizatzea. Hori bai, bi talde politikoen arteko lehia ez da bereziki estua izan Aiaraldean, sozialistek 3.989 herritarren babesa jaso baitute eta popularrek 1.341ena.

Espainiako Estatuan bi alderdi nagusien bazterretan geratu dira ezkerrekoak. Porrot handiena Podemos eta Sumarrena izan da. 2019an biak zerrenda bateratuan joan zirenean 2.155 boto izan zituzten eskualdean, eta atzo ez ziren ezta 1.000ra heldu. Sumarrek 447 boza eskuratu zituen eta Podemosek, aldiz, 416. Bidean 1.291 boto geratu dira eta ziurrenik zati handi bat sozialisten aldekoa izan da.

Eskuin muturreko alderdiek ere gorakada islatu dute, bere mailan. Voxek 232 boto jaso zituen 2019an eta 431 izan ziren atzo. Se Acabó La Fiesta zerrenda ultraeskuindarrak ere 206 boza metatu ditu Aiaraldean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide