Gaur argitaratuko da Aiaraldea Hemen hamabostekariaren ikasturteko azken zenbakia. Uda ate joka dagoenez, ekainean eta uztailean eskualdean egongo diren jaiei buruzko gehigarria dakar aldizkariak. Hala, San Joan Astobitza, Sanpedropeko, Arakaldo, Luiaondo, Areta eta Ugarteko festen egitarauei buruzko informazioa topatuko du irakurleak.
Ospakizunez harago, eduki sorta oparoa du hamabostekariak. Maider Ramirez Martin itzultzaileari eginiko elkarrizketa doa azalean, baina beste hainbat pertsona ere agertzen dira orrialdeetan: Sergio Balchada historialaria, Itsasne Egia xake jokalaria, Idoia Arzuaga kickboxing borrokalaria edota Olinpiar Jokoetako lastargia eramango duen Javier Lopez Perez amurrioarra. Horrez gain, Larrauzabalgo kutxari buruzko erreportajea edota Orozkorocken eginiko mahainguruaren kronika ere dakartza agerkariak.
Eskualdeko saltoki, taberna, ikastetxe, kale eta bestelako topaguneetan eskuratu daiteke hamabostekaria, doan.