Udari harrera egiteko Aiaraldea su festa eta azokaz blai

Izar Mendiguren Cosgaya 2024ko eka. 21a, 10:13

Otsemeakek Akelarrea egingo du aurten ere Amurrioko Parkean. / Josu Zaldibar

Eskualdeko herri gehienetan antolatu dituzte udako erritoak eta sanjuan gauaren egitarauak. Azoka, su-festa eta musika kontzertuak izango dira nagusi.

Herriaren arabera egun bat edo beste izango da protagonista. Gaur hasiko dira Sanjuanak ospatzen eskualdean.

Orozkon, esaterako, hiru eguneko egitaraua prestatu dute: ostiralean eskolarteko paleta finalak izango dira protagonista, eta Ubixeta dantza taldeak erakustaldia eskainiko du 22:00etan plazan. Larunbatean, berriz, bertako produktuen azoka egongo da goizean, eta 20:00etan Agate Deuna abesbatzaren eta Intactum abesbatzaren kontzertua elizan. Igandean, aldiz, bertsopoteoak abiatuko du iluntzea 19:00etan, 22:30ean pirulo ikuskizuna eta erreketa egongo direlarik Ipergortan, 23:30ean Luhartz erromeriarekin eguna bukatzeko.

Artziniegan, ostera, ostiralean egingo dute solstizio gaua museoan, eta Korrontziren kontzertua egongo da segidan.

Igandean piztuko dute sua eskualdeko herri gehienetan

Amurrion asteburu musikala antolatu dute ostiraletik igandera. Guztira, 20 kontzertu egongo dira, eta domekan egingo dute San Joan ospakizuna musika eskolako emanaldiarekin, Kalaka zurezko jokoekin, txokolate edo limonada dastaketarekin, Otsemeaken akelarrearekin eta Beranduegi erromeriaren kontzertuarekin.

Okondon 19:30etik gauerdira arte luzatuko dira haur eta familientzako egitarauarekin.

Laudion, San Joan Astobitzako jaiek piztuko dute herria. Larunbateko krosaren eta kontzertuen ostean, 09:00etan hasiko dira jaiak Pagolar mendira igoerarekin, Aiaraldeko Mendiak Biziriken eskutik. Eguerdian, Itxarkundia dantza taldearen dantzak egongo dira, eta, 17:00etatik aurrera, txikienek haurrentzako jolasak eta buruhandiak izango dituzte, Kirikiño eta Galtzagorri taldeen eskutik. Kirolarientzako herri-crossfit desafioa ere egongo da, 19:00etan. Gehien espero den momentua, sua piztea, 22:00etan iritsiko da, Akelarre dantza taldearen emanaldiarekin eta Gaualdeko Hasperena erromeriarekin. Aretarrek, euren aldetik, barbakoa eta guzti ospatuko dute udaren etorrera.

Murgan, bestalde, jaiak izango dituzte gozagai igandetik aurrera.

Arrankudiaga-Zollon Uribarri auzunean elkartuko dira 19:00etatik aurrera, eta herri kirolak, sua eta txokolate jana, edaria eta pintxoak egongo direla aurreratu dute. 

Urduñarrek Antigua auzoan izango dute zita, 22:00etatik aurrera su festa, musika eta luntxarekin. Biharamunean izango da San Joan abere azoka. Bukatzeko, Arakaldon eta Orbeko Etxean ere piztuko dute sua igandean udari ongi etorria egiteko.

Informazio guztia eskura dago Aiaraldea.eus-eko agenda atalean. Aiaraldea Komunikabideak, ohi gisa, ekitaldien jarraipena egingo du, kolaboratzaile eta erabiltzaileen irudiekin argazki kronikak osatuta.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide