Galiziatik Aiaraldera egin duzu salto. Nolatan?
A Coruñan jaio eta bizi izan naiz, baina zortzi urtez joan nintzen Berlinera bizitzera. Bertan ezagutu nuen Amurrioko bat, eta lau urte igaro genituen harremana distantzian elikatzen; hona bizitzera etortzea erabaki nuen arte. Urtebete daramat hemen.
Berlinetik gure eskualdera bada aldea. Zein zehazki?
Diferentzia asko daude. Hiri handi batetik herri txikirako jauzia handia da. A Coruña hiri txikia da, baina Santiagon burutu nituen ikasketak. Nolabait esateko, beti bizi izan naiz hirietan. Hona egokitzea asko kostatu zitzaidan, ez bainuen apenas inor ezagutzen.
A Coruñan eta Berlinen oso lagun talde handiak izan nituen, eta hemen bizitzan lehenbizikoz bakarrik sentitu naiz. Oso zaila iruditu zait jendea ezagutzea. Mudantza, lan berria… gaizki pasa nuen.
Hirietan integratzea errazagoa da, beraz?
Nik uste Bilbon irekiagoak direla, hiria delako eta ohituta daudelako kanpoko jendearekin harremanetan egotera, jendea etorri eta joatera.
Galizieraz mintzo zara, euskaraz ere bai?
Iritsi bezain pronto Lanbiden eman nuen izena, eta jarraian hasi nintzen lanean. Euskaltegira deitu nuen, baina hutsetik hasteko zenez, irailera arte itxaroteko esan zidaten. Bilbon ere galdetu nuen udako ikastaroen aukerengatik, baina lanagatik ezin izan dut orain arte euskara ikasi, hori ere egitea gustatuko litzaidakeen arren.
"Berlinen, adibidez, bestelakoa zen, harremanak izateko orduan, ez ziren neskak alde batetik eta mutilak bestetik egoten. A Coruñan baino askoz agerikoagoa da hori hemen"
Nola oroitzen duzu A Coruña-Berlin etapa?
Nire esperientzia politenetako bat izan zen. A Coruñan nire lagun denak ginen zuriak eta antzerakoak. Berlinen ezagutu nuen kultura ezberdinetako jendea. Gogoan dut alemanierako ikastaroetan Irango, Bangladesheko, Siriako eta beste lurralde askotako jendea ezagutu nuela. Sekula ez nuen pentsatuko hainbeste herrialdetako lagunak izango nituenik. Berlinen kulturarniztasun handiagoa dago Euskal Herrian baino. Alemania herrialde aberatsagoa denez ekonomikoki, jende asko joaten da.
Hemengo kultura eta bizi ohituretatik zer nabarmenduko zenuke?
Aldiz, Berlindarrekiko konparatuta hemengoak askoz atseginagoak zarete, maitagarriagoak. Berlinen jendea haserretu egiten da bizikletaz beste errail batetik bazoaz, hemen lasaiago bizi zarete.
Eta harremanei dagokienez?
Berlinen ni kanpotarrekin nituen harremanak, gure kuadrilla eta familiak urrun izateagatik oso erraza zitzaigun jendea ezagutzea, ingurukoak ere gogo berdinekin zeuden, gu bezala “bakarrik” zeudelako.
Hasieran, Aiaraldera etortzean, nire nahia lagunak izatea zen, nire bikotekideak mutilak diren lagunak bakarrik dituelako eta, euren bikotekide diren neskek, izenetatik harago, iruditzen zait ez dutela elkar ezagutzen.
Berlinen, adibidez, bestelakoa zen, harremanak izateko orduan, ez ziren neskak alde batetik eta mutilak bestetik egoten. A Coruñan baino askoz agerikoagoa da hori hemen.
Lanean eta hemen lagun batzuk egin ditut, eta sozialki horrek bete eta lasaitu egin nau, hein batean; badakidalako laguntasuna ez dela hilabete bakarrean eraikitzen.