Gaur arratsaldean hasi da Espainiako Eskolarteko Txirrindularitza Txapelketa, Asturiaseko Aviles hirian. Emakumezkoen kadete erlojupekoa izan da lehen lasterketa, eta Mirari Gotxi Olartekoetxea gailendu da bertan.
Kirolari amurrioarra lehen postuan geratu da Euskadiko Txirrindularitza Federazioko gainontzeko kideekin. Bera izan da helmugara iristen lehena, 11,5 kilometroko ibilbidea 17 minutu eta 51 segundutan eginda. Oso antzeko markak lortu dituzte gainontzeko hiru taldekideek eta, ondorioz, eurak gailendu dira taldekako sailkapenean.
Beste lau aiaraldear euren txandaren zain
Gotxi ez da izango Asturiseko topaketan arituko den aiaraldear bakarra. Aimar Trueba Cirion bihar arratsaldean lehiatuko da Infantilen errepideko kategorian. Larraitz Bernaola Lopezek larunbat goizean neurtuko ditu indarrak Infantilen XCO ibilbidean. Bukatzeko, Hodei Muñoz Gabiña igandean saiatuko da Juniorren errepideko norgehiagokan gailentzen.