"Arabako herriak. Amamengandik bilobengana”, landa-eremuaren historia eta ondarea ezagutarazteko proiektua

Oihane Ozaeta Fernandez 2024ko uzt. 5a, 13:07

Margari Jaureguiren familia-albuma. / Arabako herriak

Inma Roiz idazle eta antropologoak eta Itziar Herran turismoan espezializatutako kazetariak Arabako landa-eremuetako adineko emakumeen historia berreskuratu dute.

Ekimena maiatzaren 20an aurkeztu zuten Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismoko foru diputatuak eta Inma Roiz eta Itziar Herrán proiektuaren sustatzaileek. Bertan azaldu zutenez, "Arabako herriak. Amamengandik bilobengana" proiektuak turismoa eta kultura zabaltzea du xede, Arabako herrien erakargarritasun historiko, natural eta gastronomiko nagusiak ezagutaraztea eta tokiko memorian sakontzea “ahots ahaztuenen” bitartez: amonak.

Inma Roizek nabarmendu duenez, proiektu honek Arabako herrien historia ahoz plazaratzea eta emakumearen historia ikusaraztea du helburu.

Horretarako, herri horretan betidanik bizi izan den amona bat elkarrizketatu dute, eta amonarekin, biloba bat egoten da beti, orainaldiarekin lotura egiten duena: “ez dugu Interneten ateratzen dena kontatu nahi, herrietako biztanleek kontatzen digutena baizik”.

Proiektua hamar koaderno-gidaz osaturik dago, Añana, Amurrio, Artziniega, Asparrena (Araia), Barrundia, Santikurutze Kanpezu, Bastida, Urizaharra, Agurain eta Gaubea udalerriei buruzko amonen eta biloben testigantzekin.

Koadernoak paperean sortu dira, eta turismo-bulegoetan eta beste interes gune batzuetan egongo dira eskuragarri. Horretaz gain, herri horietan ezagutu behar diren “ezinbestekoak” -ondare materiala eta ez-materiala-, herrietako “biodibertsitatea”, herrietako istorioak kontatzen dituzten “kronistak” eta baita koaderno-gidak Arabakoherriak.com webgunean kontsulta daitezke.

Hamar koderno-gida egin dituzte momentuz, baina katalogo hori gero eta handiagoa izango da, martxan jarraitzen baitu: “herri gehiagorekin ari gara lanean, eta ahal duguna ateratzen joango gara urtean zehar. Kontuan izan behar da prozesu motela dela”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide