Hasiberria da Deriba taldearen ibilbidea, baina hau ez da zuen lehen proiektua. Nondik zatozte eta nola sortu zen taldea?
Deriba taldea Maren Gotik, Jon Ander Millánek, Alex Yarzak eta Alex Hijarrubiak osatzen dugu. Duela bizpahiru urte Jon Anderrek eta Alex Hijarrubiak Voltium taldean jotzen zuten. Horren aurretik ere beste bi taldetan aritu dira: Etenik ez eta 30-06.
Azken bi talde horietan punk metala eta rocka egiten zuten, eta Voltiumen heavy metala eta thrash metala, gehien bat. Voltiumen ibilbidea amaitu zenean Jon Ander eta Alex Urduñako Alondegira etorri ziren, eta musika egiteari ekin zioten eta orduan jaio zen Deriba taldea.
Nondik dator Deriba izena?
Deriba izenarekin gaurko gizartearen arazoak azaleratu nahi genituen, eta galduta egotea eta noraezean ibiltzea azpimarratu.
Orain arte beste talde batzuen bertsioak zein abesti propioak jo dituzue. Zeintzuk dira erreferentetzat dituzuen talde horiek?
Hainbat talde daude guztiontzat erreferenteak direnak, hala nola Berri Txarrak, Kuraia edo Rise Against. Baina kide bakoitzak ere baditu bere erreferente propioak, estilo ezberdinetako musika asko entzuten baitugu.
"Udan ahalik eta kontzertu gehien eman nahi ditugu".
Zuen abestiak sortzen eta grabatzen joan ahala bertsioak alde batera uzteko asmoa duzue?
Ez dugu uste beste artista batzuen abestiak jotzeari utziko diogunik. Azken finean, gure erreferenteak dira eta euren abestiekin hazi gara, eta beraz, haien abestiak jotzen jarraituko dugu.
Esan daiteke rock generoaren barruan kokatu daitekeela zuen musika. Eroso zaudete genero horretan lerrokatuta? Ala beste estilo batzuei ere atea zabaltzeko asmoa duzue?
Egia da, oro har, rocka egiten dugula, eta rockaren barruan punk rocka jotzen dugula esan daiteke. Dena den, ez diegu beste genero edo estilo batzuei atea ixten, eta horiek jorratzea ere gustatuko litzaiguke.
"Irailean sartuko gara estudioan grabatzera. Lau abesti grabatuko ditugu, bi euskaraz eta bi gaztelaniaz".
Laster zuen lehen EPa plazaratuko duzuela iragarri duzue zuen sare sozialetan. Proiektuaren zein fasetan zaudete orain eta nolakoa izan da orain arteko prozesua?
Oraintxe bertan kontzertuak ematen ari gara. Izan ere, dirua behar dugu EPa grabatu ahal izateko, eta kontzertuak dira gure diru-iturri nagusia. Bien bitartean ditugun lau abestiei azken ukituak ematen ari gatzaizkie Urduñako Alondegiko entsegu gelan.
Letrei dagokienez zer gai jorratu nahi dituzue zuen abestietan?
Gure letrek munduaren eta gizartearen arazoei buruz hitz egiten dute, eta baita gure sentimenduei buruz ere. Horregatik erraza da gure letrekin identifikatzea, guztiok partekatzen ditugun arazo eta kezkak jorratzen dituztelako.
Aurreratu dezakezue EPari buruzko beste zerbait?
Seguruenik irailean sartuko gara Urdulizeko Tío Pete estudioan grabatzera, eta nahasketa Aritz Arregik egingo du. Lau abesti grabatuko ditugu, horietako bi euskaraz izango dira, eta beste biak gaztelaniaz. Sekulako diskoa izango da.
Udari eta datorren ikasturteari begira, zeintzuk dira taldearen asmoak?
Momentuz epe laburrean pentsatzen ari gara. Esan bezala, udan ahalik eta kontzertu gehien eman nahi ditugu eta irailean EPa grabatzeari ekin.