Asteburu honetan lehiatu da Emakumeen Aiarako Biraren lehenengo edizioa, eta Rio Miera – Meruelo taldeko Lidia Castro izan da garailea.
Kadete mailan egon arren, Valladolideko txirrindulariak erakustaldia egin du larunbatean zein igandean. Izan ere, Orozkon hasi eta Laudion amaitu zen lehen etapan, bera izan zen mendate puntuagarri guztietara heltzen lehena. Bigarren etapan, Amurrion, nagusitasuna erakutsi zuen, lasterketa erdia tropeletik aldenduta egin zuen, bakarrik, eta horrela gailendu zen helmugan.
Larunbateko etapan, Baqué taldeko Mirari Gotxi amurrioarrak eraman zuen maillot horia. Orozkotik abiatu ziren kadete eta junior mailako txirrindulariak. Herritik ibili ostean, Arespalditzarako norabidean barneratu zen lasterketa Aiaraldean, eta bertan heldu ziren lehen etapako punturik garaienera.
Nahiz eta pelotoi-buruan erasoaldiak egon etengabe, batek ere ez zuen emaitzarik izan, eta beraz, abiadura azkarrean egiten zuen aurrera tropelak, trinko.
Hala ere, Lidia Castro nagusi azaldu zen Mendiko puntu garaietan, eta Ane Zubeldia gipuzkoarra tarteko sprintetan nabarmendu zen.
Helmugatik gertu, 28 txirrindulari ibili ziren lehian, eta Mirari Gotxi kadetea izan zen azkarrena. Taldeko sailkapenari dagokionez, Baix Ter Women's Team Academy gailendu zen lehen etapa honetan.
Biraren bigarren etapan ere, ikusleek lasterketa atseginaz gozatu ahal izan zuten. Ibilbidearen lehen zatian, Amurriotik hirugarrenez igarotzean, Lidia Castrok bere nagusitasuna argi utzi zuen beste behin; izan ere, lehena izan zen zazpi mendate puntuagarrietatik igarotzen.
Zalantzarik gabe, Castro izan da tropeleko kirolaririk indartsuena bira honetan, sailkapen orokorraz gain bera izan baita mendiko sariko liderra eta baita lehen kadetea ere.
Emakumezko txirrindulari ohiei omenaldia
Aiarako Birako antolatzaileek 80ko eta 90eko hamarkadetan aitzindari izan ziren txirrindulari emakumeei omenaldia egin nahi izan diete. Hortaz, Maria Pasquierrek eta Inma Errenteriak moztu zuten zinta lehenengo etapari hasiera emateko, Orozkoko Udaleko zinegotzi Zaloa Ramosekin batera, zeina txirrindulari ohia den baita ere.
Amurrion, aldiz, Izaskun Bengoa omendu zuten irteeran. Bengoa Espainiako hainbat txapelketa irabazi zituen eta Giroan, Tourrean eta Atlantako Olinpiak Jokoetan ere lehiatu izan zen.
Balorazio positiboa
Gizonezkoen 34 edizio antolatu ostean, aurtengoa izan da I. Emakumeen Aiarako Bira, eta balantze oso positiboa egin dute antolatzaileek.
Ildo horretatik, etorkizunean berriz ere antolatu ahal izatea espero dutela adierazi dute, erakundeen eta babesleen laguntza baldin badute.
Argazkiak: Chris Gomez eta Aiarako Bira