Udako jaiei begira ingurumena zaintzeko egitasmo bat jarri du abian Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitateak. Kanpainaren helburua jaiek ingurumenean duten eragina ikusaraztea da, eta herritarrak sentsibilizatzea.
Gauzak horrela, bi jarduera nagusi prestatu dituzte. Lehenik eta behin, birziklatzeko guneak jarriko dituzte jai-esparruetan, hondakinak sailkatzeko 240 litroko ontziak, kanpainaren irudiarekin. Gainera, kanta bat ere sortu dute, Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako jaietan entzun dadin.
Bocabeats talde komikoa arduratu da kanpainaren abestia egiteaz, eta bideoklipa ere ekoitzi dute. Mankomunitatearen ustez, “formatu berria eta dibertigarria” da, eta Udalek eta jai batzordeek abestia partekatzea da kanpainaren helburua:
Horrekin guztiarekin bidali nahi duten mezua honako hau da: “Hondakin onena sortzen ez dena da, berrerabiltzea da lehentasunezko aukera eta hondakinak sortzea saihestu ezin badugu, gutxienez, modu egokian kudeatuko ditugu”.
Bederatzi udalerrik osatzen dute Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitatea, Urduña, Orozko, Arakaldo eta Arrankudiaga-Zollo tartean.