Ernai gazte antolakundeko 133 militante isundu ditu Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak 290.500 eurorekin. Eskualdeko bi kide daude horien artean, baina beste bost aiaraldear ere zigortu dituzte beste gertakari batzuei lotuta.
Berez, 2023ko irailaren 22an Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte arabarren kartzelaratzeak salatzeko egindako ekimenetan identifikatu zituzten lehen bi gazteak, eta Mozal Legea ezarrita jarri dizkiete isunak. Bakoitzak 1.400 euroko zigor ekonomikoari egin behar dio aurre.
Horrez gain, Ernaiko beste lau kide identifikatu eta isundu ditu Aiaraldean Segurtasun Sailak pankarta bat jartzeagatik. "Polizia gorroto dugu" lema zuen afixak. Momentuz, ez dakite zehazki zenbatekoa izango den zigorra.
Azkenik, eta Ernaiko militantzia espezifikoagatik ez bada ere, gazte antolakundeko beste kide batek ere jaso du isuna, Greba Feministaren testuinguruan iazko azaroaren 30ean Laudioko Tubacex enpresaren sarreran egindako piketeagatik. Azaldu dutenez, Greba Batzordeko beste zenbait kidek ere kasu dute zigor ekonomikoa arrazoi beragatik.
Aitor eta Galderren aldeko ekimenetan zigortu gehienak
2023ko irailaren 30ean atxilotu eta espetxeratu zituzten Aitor Zelaia eta Galder Barbado, Gasteizko gobernu militarrean, haien aldeko manifestazio nazionala abiatu baino une batzuk lehenago. Lau urteko espetxe zigorra ezarri zien Auzitegi Nazionalak biei, "material lehergarriak helburu terroristekin gordetzea" egotzita.
Hainbat elkartasun ekimen egin zituzten atxiloketaren aurreko asteetan, eta irailaren 22an Bilbon eta Gasteizen egindako protestetan 133 gazte identifikatu zituzten orotara. Bi Aiaraldekoak ziren. Gerora, Mozal Legea aplikatu eta identifikatutako kide guztiei 1.400 eta 2.500 euroko isunak ezarri dizkiete; osotara, 290.500 euroko zigorra.
Mobilizazio nazionalera joateko autobusa
Egoera salatzeko mobilizazio nazionala deitu du Ernaik igande honetarako, hilaren 8rako, Donostian. 10:45ean abiatuko da autobusa Urduñatik, eta geldialdiak egingo ditu Amurrion eta Laudion. Donostiatik buelta 19:00etan izango da. Izena eman daiteke Mugalde, Txokogorri eta Bazter tabernetan, 10 eurotan.