Aiaraldeko bi taldek eta Kataluniako beste bik abuztuan plazaratu zuten This is hardcore, not Spain binilo diskoa. Adiskidetasunak sustatutako proiektua da, Zutik! eta Erruki Jauna bandak eskualdekoak baitira. Crida Salvatge eta Animal Farm kataluniarrak ere lagunak dira, oholtza partekatu baitute aiaraldearrekin behin baino gehiagotan.
Diskoaren izenburuak This is Boston, not LA 1982ko LPari egiten dio erreferentzia ironikoa. Guztira, Erruki Jaunak bost abesti grabatu ditu; Inpernura goaz, Infringe la ley, El portal de Belén (Palestinako genozidioari buruzkoa), Nagi eta Odissea Catalana. Zutik!-ek, aldiz, hiru kanta sortu ditu: Ez, Noraezean eta Ez eraman. 15 euro balio du LPak.
Arkaitz Aranguren Erruki Jaunako kideak iragarri du aurkezpen bateratua prestatzen ari direla: "Talde bakoitzak bere kabuz aurkeztu du lana. Proiektuan parte hartu dugun banda guztiak Bartzelonan arituko gara kontzertu batean eta gauza bera egin nahi dugu Euskal Herrian. Hala ere, ez ditugu datak eta tokiak zehaztu oraindik".
Bi disko hilabete gutxitan
2016an sortua, Erruki Jauna-k disko bakarra zuen, baina udan bi lan argitaratu ditu kide aiaraldearra duen taldeak. Zehazki, ekainean Mundu hau pikutara doa! CDa kaleratu zuten DDT disketxearen eskutik, 8 euroko prezioarekin.
Arangurenek argitu du CDan duela bi urte grabatutako abestiak jaso dituztela eta This is hardcore, not Spain diskorako, ordea, propio sortu dituztela: "Erronka zen denbora tarte txikian egitea eta plazaratzea".