OSAKIDETZAKO LARRIALDI ZERBITZUAK

“Ezin duzu osasun zentro bat izan pertsonal egokirik gabe, horretarako hobe genuke pertsiana ixtea”

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko ira. 18a, 07:00

Mila herritar baino gehiago mobilizatu ziren iragan abuztuan, ZIU mugikorrean medikurik ez egoteagatik herritar bat zendu izana salatzeko. / Aiaraldea.eus

Osakidetzako administraria eta ZIU mugikorreko medikua dira SARA RUILOPE eta URKO BLANCO hurrenez hurren. Osakidetzako Larrialdi Zerbitzuen egoeraren inguruan hausnartu dute Aiaraldea Komunikabidearekin.

Iragan abuztuan mediku arreta egokirik jaso gabe bihotzekoak jota zendu zen herritarraren kasuak berriro ere jarri du fokua Osakidetzako profesional gabezian.

Urko Blanco: Egoera larria da, baina egoera hau ezaguna zen aspalditik. Iaz Aiaraldeko udal guztiek mezua jaso zuten ohartaraziz udan eta opor sasoian medikurik ez zela egongo eskualdeko etengabeko arreta guneetan eta ZIU mugikorrean, eta, ondorioz, udalerriek osasun zerbitzu egokia ez zutela izango Laudioko eta Aiarako Udalek erantzun zuten mezua soilik, gainerako Udalen interes falta oso larria iruditzen zait.

“Oso sinplea da, kategoria guztietan profesionalen % 100 egon beharko litzateke lanean, txanda guztietan: medikua, erizaintza zerbitzua eta zeladorea edo teknikoa”

Osasun arreta egokiaz hitz egiten dugunean, zertaz ari gara? Zein da larrialdi zerbitzuek halabeharrez eskaini beharko luketena?

U.B.: Oso sinplea da, kategoria guztietan profesionalen % 100 egon beharko litzateke lanean, txanda guztietan: Etengabeko Arreta Guneetan medikua, erizaintza zerbitzua eta zeladorea; ZIU mugikorrean, aldiz, medikua, erizaintza zerbitzua eta teknikoa. Hori da herritarrek jaso behar duten arreta, eta kategoria guztien lana ezinbestekoa da larrialdi zerbitzuek ondo funtzionatzeko. Gainera, baliabideak ez dira oso ugariak. 

Uda honetan, ordea, ez da beti horrela gertatu.

U.B.: Hala da bai, medikurik gabe egon dira askotan larrialdi zerbitzuak. Erizaintza zerbitzuarekin ordezkatu dute hainbatetan mediku falta, baina hori ez da prozedura egokia, erizain batek ezin du mediku baten lana egin.

Uda sasoia igarota, pentsatu nahi dut egoera zertxobait bideratuko dela. Gabonetan, ordea, antzeko egoera baten aurrean egongo gara berriz.

Noiztik bihurtu da hain ohikoa larrialdi zerbitzuetan mediku falta egotea?

U.B.: Azken bi urteetan asko areagotu den tendentzia dela esango nuke. Duela urte batzuk ez-ohiko egoera zena guztiz normala bihurtu da gaur egun. Are onartezinagoa da horrelako zerbitzu bat profesionalen ordu-estrekin eustea, hori partxe bat baino ez da, baina arazoak bertan jarraituko du.

Eta zerk eragin du egoera hori?

U.B.: Zerk? Nik argi daukat kudeaketa oso txarraren ondorio dela, OSI Barrualdeko eta Larrialdi Zerbitzuetako arduradunen kudeaketa eskasaren emaitza da honakoa.

Mediku falta larria dago Osakidetzan, profesionalak erretiratuz doaz eta ez dago horiek ordezkatzerik. Larriena da egoera hau aspalditik zela ezaguna, eta ez dela inolako erremediorik mahaigaineratu. Horrez gain lan-baldintzak ez dira batere onak, eta jendeak egundoko malabarak egin behar ditu bizitza profesionala eta pertsonala kontziliatzeko. Ez dago inolako planifikaziorik, ez duzu kartelerarik [lan-egutegia]… Horrek esan nahi du edozein unetan sartu ahal dizkizutela txandak.

Sara Ruilope: Horrek talka egiten du guztiz kontziliazio profesional eta familiarrekin. Profesional asko kartelera gabe daude, hurrengo astean nola lan egingo duten jakin gabe.

U.B.: Ez da normala ezta ere 2018an egindako Enplegu Publikorako Eskaintza 2024an ebaztea, sei urteren ostean. Osakidetzako profesional askok eta askok ziurgabetasunean igaro dituzte sei urte.

S.R.: Hori bada Osakidetzaren gestio txarraren beste adibide argia. Langileen kudeaketan gabezia handiak daude, eta horrek profesionalak erre egiten ditu. EPEa ebatzi bitarteko denbora horretan guztian behin behineko langilea zara, ziurgabetasunean bizi zara. Ulergaitza da beste administrazio publikoetan gertatzen ez dena hemen gertatzea. Nik lan egiten dudan lekuan, nire kategorian, 50 lankide gaude, postu estrukturalak bi baino ez dira. Oso baldintza prekarioak dira horiek. 

Kategoria guztietan gertatzen da hori. Larrialdi zerbitzuetan egun bakarreko kontratua duen jendea ari da lanean, horiek ez dira baldintza egokiak. Osakidetzak gaur egun Aldi Baterako Laneko enpresa bat dirudi.

Hain agerikoa izanik larrialdi eta lehen arreta zerbitzuetan dauden gabeziak, Administrazio Publikoak hartu al du horiek bideratzeko erantzukizunik?

S.R.: Nik ez dut aldaketarik ikusi azken hilabeteetan. Positibotzat jotzen dudan gauza bakarra da arduradun politikoek behingoagatik onartu egin dutela egoera ez dela ona. Urtarrilean dena ondo zihoan, baina hauteskundeak iristerakoan guztiek onartu zuten arazoa zegoela. Hori onartzea bada zerbait. Ikusiko dugu nora garamatzaten, ni ez naiz oso optimista.

U.B.: Uste dut administrazioa ez dagoela oso kezkatuta: urtarrilean pertsona bat hil zen mediku faltagatik, eta abuztuan beste pertsona bat hil da mediku faltagatik. Zortzi hilabete hauetan ez da neurri bakar bat ere hartu.

S.R.: Lotsagarria da Laudioko eta eskualdeko egoera. Zortzi hilabetetan bi pertsona zendu dira, eta egoera ez da batere aldatu. Ez zen bigarren kasurik gertatu behar, baina gertatu da; beste herritar bat zendu da mediku arreta egokia jaso gabe. Ezin duzu osasun zentro bat izan pertsonal egokirik gabe, horretarako hobe genuke pertsiana ixtea. Egoera normalizatzen ari gara, eta hori onartezina da.

U.B.: Nik jakin nahiko nuke zer ari diren egiten Aiaraldeko udalak egoera honen aurrean. Hau ez da soilik Laudioko arazoa. ZIU mugikorrean edo Etengabeko Arreta Gunean medikurik ez egotea eskualde osoaren arazoa da. Zer neurri ari dira hartzen egoerari erantzuteko?

Uste duzue paziente eta herritarron erantzuna egokia ari dela izaten?

U.B.: Nik uste herritarrak ez direla behar beste mugitzen ari, ez dakit informazio faltagatik den edo beldurragatik den. Baina manifestazio bakar batek ez du egoera hau aldatuko.

S.R.: Nik paziente guztiak gonbidatzen ditut kexak eta erreklamazioak jartzera. Kontziente naiz Osakidetzak ematen dituen erantzunak ez direla indibidualizatuak, baina, hala eta guztiz ere, erreklamazioak jartzera animatzen ditut beti. Kexak ezin dira estatistika hutsetara mugatu, bestela badirudi dena ondo dabilela, eta ez da egia. Zirrikituak zabaldu behar ditugu egoera iraultzeko.

U.B.: Adibide bat jartzearren. 2022ko gabonzahar-gauean txanda egokitu zitzaidan Laudioko EAGan eta Amurrioko EAGan ez zen medikurik egon. Amurrioko paziente guztiak Laudiora etorri behar ziren. Askok nirekin ordaintzen zuten haserrea. Guztira 98 paziente ikusi nituen 24 orduko txanda bakarrean. Kexa jartzera animatu nituen guztiak, baina bizpahiruk baino ez zuten erreklamazio orria bete.

Kalera atera behar gara, ez dago beste erremediorik. Etengabeko mobilizazioa behar da egoera iraultzeko, eta ezin gara beste ezbehar baten zain geratu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide