Laugarren urtez antolatu du Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak Gurasoleku ekimena. Familia barruan euskara bultzatzea da, hain zuzen ere, proiektuaren asmoa, eta horretarako, 0-5 urte bitarteko haurrak dituzten familietan tresnak eskaintzen ditu.
Aurtengo ikasturtean, sei udalerritan eskainiko dira egitasmoaren zerbitzuak: Arrankudiaga-Zollon, Aiaran, Orozkon, Urduñan, Laudion eta Amurrion. Guztira, 14 ikastetxe eta 6 haurreskoletan egingo dira irakasleentzako formakuntza saioak zein familientzako aurkezpen eta motibazio saioak. Modu horretan, Euskalgintza Kontseiluak “marko teorikoak, estrategiak, baliabideak eskaini eta sentzibilizazioa lantzea” bilatzen du.
Dena den, hori ez da gurasoek proiektuan parte hartzeko aukera bakarra. Izan ere beste hiru ekimen biltzen ditu Gurasolekuk bere baitan: Gurasoeuskaltegia (euskara ikasteko), Gurasolagun (mintzamena lantzeko taldeak) eta Gurasolagun agenda (aisialdia euskaraz familian).
Hainbat berrikuntza ikasturte honi begira
Hori guztia gutxi balitz, aurten hainbat berrikuntza aurkeztu ditu Euskalgintza Kontseiluak proiektu honen baitan, eta ahalik eta baliabide gehien jarri nahi izan dituzte gurasoen eskura. Alde batetik, Erramintakutxa baliabidea sortu dute, eta horren bidez, sarean euskaraz edo euskara lantzeko dauden hainbat tresnara heltzeko aukera egongo da: aplikazioak, ikus-entzunezkoak, gida didaktikoak, eta abar. Bestalde, ikasturtean zehar poltsiko tamainako hiru hiztegi garatuko dituzte, euskaratik bi hizkuntzara itzulita horietako bakoitza: arabiera-amazighera, errusiarra-errumaniera eta portugera-gaztelania.
Ekimenaren aurkezpen ekitaldiak
Gurasoleku programa ezagutzera emateko, hainbat ekitaldi publiko egingo ditu Euskalgintza Kontseiluak eskualdean zehar.
Irailaren 19an: Urduñan, 17:30ean, Berbalagun eta Kirikinorekin batera.
Irailaren 20an: Orozkon eta Arrankudiagan, 16:45 eta 18:30ean, hurrenez hurren. Kirikinoren puzgarri eta tailerrak egongo dira.
Irailaren 22an: Arespalditzan 17:00etan, 24 elkartearen Igandeak Familian ekimenarekin bat.