Ohar bidez zabaldu duenaren arabera, EH Bildu Araba batzarkide taldeak hainbat galdera erregistratu ditu Gizarte Politiketako diputatuari bideratuta, jakiteko zer neurri hartuko dituen Aldundiak, Aiaraldean arreta goiztiarreko kalitatezko zerbitzua jaso ahal izateko izapideak arintzeko.
Arreta goiztiarra 6 urtetik beherakoei zuzendutako esku-hartze multzoa da, eta bere helburua da garapenean nahasmenduak dituzten haurren premia iragankor edo iraunkorrei ahalik eta azkarren erantzutea.
Oharrean azaltzen den bezala, “EH Bilduk behin baino gehiagotan salatu du landa eremuan zerbitzu horretara joateak dakarren diskriminazioa, familiek zerbitzuaren ordainketa aurreratu behar dutelako”.
Ondoren, Aldundiak familiek aurreratutako dirua ordaindu behar izaten dute, baina “itxaronaldia luzatu egiten da familiek ordainketak pilatzen dituzten bitartean”. Beste kasu batzuetan, arreta ematen duen kabineteak berak aurreratzen du dirua, baina kabineteek arazo bera dute: Aldundiak ez du dirua itzultzen.
Arazoak bere horretan jarraitzen duela kritikatu du batzarkide taldeak, nahiz eta EH Bilduren hainbat ekimeni erantzunez, Gizarte Politiketako diputatuak iragarri zuen 2024an arreta goiztiarreko deialdi espezifiko bat argitaratuko zutela, “Arabako landa-eremuko erabiltzaileen eta Gasteizko kabineteetara joaten direnen arteko diskriminazio-tratua ezabatzeko”.
Gainera, diputatuak iragarri zuen “landa-eremuko kabinete baimenduetan arreta goiztiarreko saioak kontzertatzeko araudia” egingo zela. Bi neurri horien bidez, familia eta kabineteek saio horietarako aurreratutako dirua berreskuratzeko zailtasunak eta gabeziak konpondu nahi zituzten.
Iragarpen horiek gorabehera, EH Bilduk salatu du egoerak berdina izaten jarraitzen duela, eta horregatik galdetuko dio diputatuari, kontrolerako osoko bilkuran, Landa Eremuan kokatutako kabinete baimenduetan arreta goiztiarreko saioak hitzartzea arautzeko departamentua ematen ari den pausoez.
Horrekin batera, EH Bilduk jakin nahi du zein neurri ezarriko diren Aiaraldeko kabinete baimenduetara joaten diren familia eta hornitzaileen ordainketa azkarra eta arina izango dela bermatzeko.