Gaur goizaldean inprentatik atera berri da Aiaraldea Hemen hamabostekariaren zenbaki berria, 204. alegia. Eduki mamitsu ugari bildu ditugu agerkariaren 32 orrialdeetan: erreportajeak, elkarrizketak, argazki bildumak...
Endika Diaz argazkilaria da azaleko protagonista. Diazek Euskal herria Argazkia.eus sariketa irabazi du, Urduñako mendatean garatutako Arde la niebla proiektuarekin. Lanak 1962an mendatean jazotako trafiko istripu larri bat du oinarri, eta aukera baliatu dugu gertaera hartan sakontzeko, argazkilari amurrioarraren eskutik.
Apunteak, hamabostekariko edukiak zorrozteko atal berria
Atal berria estreinatu dugu Aiaraldea hemen hamabostekariaren azken zenbakian: Apunteak. Atalak aukera eskainiko du agerkariko elkarrizketa eta erreportajeetan gehiago sakontzeko edota bertan landutako gaiak barneratzen laguntzeko.
Estreinako zenbaki honetan, Jare Prietori eta Eva-Perez Ponsi eginiko elkarrizketa laguntzen aurkituko dugu Apunteak atala. Bertan, elkarrizketako protagonistek lodifobiaren gaia gehiago lantzeko eskura jarritako materiala aurkituko dugu: liburuak, fanzineak, sare sozial erreferenteak...
Datozen asteetan atala garatzen eta edukiz betetzen jarraituko dugu, hamabostekariko edukiei ahalik eta zuku gehien ateratzeko helburuarekin.
Hauek eta beste hainbeste gai interesgarri aurkituko ditu irakurleak Aiaraldea Hemen hamabostekariko orrietan. Datozen egunetan banatuko da argitalpena eskualdeko saltoki, taberna, ikastetxe, kulturgune, liburutegi eta kaleetan, doan.