Urriaren 10ean ospatuko den Buru Osasunaren Munduko Egunaren harira, ASASAMek hainbat jarduera antolatu ditu Aiaraldean urrian. Aurten, laneko osasun mentalean jarriko dute arreta. Modu horretan, aldarrikatuko dute buru osasuneko arazoak dituzten pertsonek kalitatezko lana izateko duten eskubidea.
“Lana eta buru osasuna, funtsezko lotura” leloaren bidez, aldarrikapen bikoitza islatu nahi dute. Batetik, lan duina ikusaraztea eta aldarrikatzea, pertsonen buru osasunari lotutako faktore gisa. Bestetik, lana eskubideen ikuspegitik eraiki behar dela, eta baldintza prekarioetatik eta diskriminaziotik aldendu.
Izan ere, egoera horiek, sufrimendua sortzeaz gain, buru osasun arazo askoren sorburu dira, eta kolektibo kalteberei eragiten diete bereziki.
ASASAMen ustez, egungo egoera hobetuko bada, honako alderdi hauek hobetu behar dira:
1. Buru osasun arazoak dituzten pertsonen enplegua:
Asasamen ustez, lana nortasun-iturria da, pertsona guztiei erabilgarritasun- eta motibazio-sentimenduak sortzen dizkiena. “Buru osasuneko arazoak dituzten pertsonentzat, berdin”, eta kolektibo horrentzat, gainera, “lana normalizaziorako bide bat da, eta funtzio terapeutikoa ere badu”, azpimarratu dutenez.
Gainera, nabarmendu dutenez, buru osasun arazoak dituzten pertsonek bigarren enplegu-tasarik txikiena izan zuten 2022. urtean, %18,9koa zehazki.
2. Lan-prekarietatearen eragina buru osasunean:
Europar Batasuneko herrialdeen artean, Espainiako Estatuak du pobrezia eta gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan dagoen biztanleria landunaren tasarik handienetakoa. Izan ere, bertako enpleguen erdiak baino gehiago prekarioak dira: “Lotura garbia dago langileen lan-prekarietatearen eta buru osasun txarraren artean. Lan-prekarietatea zenbat eta handiagoa izan, orduan eta handiagoa buru osasun txarra izateko aukera”, gehitu du Asasamek.
3. Buru osasunarekin lotutako laneko bajak:
Espainiako Estatuan, gaur egun, buru osasuneko arazoak dira laneko baja hartzeko bigarren arrazoia, nahasmendu muskuloeskeletikoen atzetik. 2023an, ia 600.000 baja erregistratu ziren, aurreko urtean baino % 15,8 gehiago.
Horregatik, Asasamen arabera, “beharrezkoa da enpresek lanera itzultzeko plan bat garatzea buru osasuneko arrazoiak direla-eta laneko bajan izan eta gero lanera itzultzen diren pertsonentzat”. Elkartearen ustetan, estigma errealitatea da oraindik ere lan-ingurunean, eta “buru osasuneko arazo batengatik lanera joateari utzi dioten langileen % 52ak ezkutatzen du lanera ez joateko benetako arrazoia".
4. Buru osasunaren sustapena enpresetan:
Enpresek euren langileen buru osasuna sustatzeko benetako konpromisoa hartu behar dute, Asamen arabera: “Enpresetan buru osasuna sustatzeko, kontuan hartu behar dira lan-egoera bakoitzean dauden baldintzak: lan-kargak, lan-erritmo desberdina, ordutegi-motak eta txandak, eskakizun emozionalak eta lanaren edukia, lan-giroa…”.
Premiazkotzat hartu du elkarteak lan-ingurune seguruak, osasungarriak eta inklusiboak sortzea, buru osasuna zaintzeko eta horri buruz hitz egiteko, taburik eta aurreiritzirik gabe.
Bestalde, Maria Angeles Arbaizagoitia Asasameko presidenteak eskaera egin die enpresei lanpostuetan buru osasuneko arazoak dituzten pertsonentzako beharrezko laguntza-sistemak eta egokitzapenak ezar ditzaten, lantokiak beste desgaitasun batzuetarako egokitzen diren bezala.
Horrez gain, honako hau nabarmendu du elkarteko buruak: “Lan egin bai, baina buru osasunarekin, langileen ongizateari lehentasuna emanda”. Amaitzeko, pertsona guztiek lan-ingurune osasungarriaz gozatzeko eskubidea dutela gogorarazteaz batera, buru osasuneko arazoak dituzten pertsonek kalitatezko lana izateko eskubidea dutela aldarrikatu du Arbaizagoitiak.
Gazteekin programa
Gazteekin programa pilotua jarri dute abian Asasameko kideek, Aiaraldeko gazteen ongizate psikologikoa erraztea helburu duena.
Izan ere, gazteen baja-kopurua %90 baino gehiago handitu da pandemiaz geroztik, eta hazi egin da Asasamek gazteei eskaintzen dien arreta. Horregatik erabaki du erakundeak biztanleriaren sektore horretara bideratutako egitasmoa sortzea.
EGITARAU OSOA
Urriak 6, igandea
11:00-14:00 // Boluntariotza azoka Laudioko Herriko plazan “Batekin”ek antolatuta
Urriak 10, osteguna
12:00 // Ekitaldi instituzionala Donostiako Udaletxean
Urriak 17, osteguna
12:00 // Elkarbizitzarako futbol partida: La Milagrosa-Asasam. Laudioko kiroldegian
Urriak 20, igandea
10:00 // Buru osasunaren aldeko V. martxa soziala, Amurrioko Juan de Urrutia plazatik eta Laudioko Herriko plazatik
*Helmuga Luiaondo
Urriak 24, osteguna
17:00 // Hitzaldia: “Ongizate emozionala lan-eremuan”. Laudioko Kultura Etxeko Arraño aretoan, Joseba Pelaez psikologoaren eskutik