Kultur sorkuntza Aiaraldean

‘Azken erromantikoak’ filma ‘Los últimos románticos’ da, baina Laudio gabe

Aitor Aspuru Saez 2024ko urr. 7a, 13:10

Miren Gaztañaga aktorea eta David Perez Sañudo zuzendaria, grabaketaren une batean.

Zinemaldian aurkeztu dute Txani Rodriguez idazlearen eleberrian oinarritutako filma. Irakurlearen korapiloa ahalik eta lasterren askatzeko: Merezi du zinemara joatea? Erantzun laburra honakoa da: bai, dudarik gabe.

Donostiako Zinemaldiak Azken erromantikoak filma eskaini du, bai jaialdi ofizialean, zein Bilbon egindako proiekzioan eta horri esker Txani Rodriguez laudioarraren eleberri goratuaren moldaketa ikusteko aukera egon da. Hortaz, hasteko, eta lehenengo zalantza argitzearren: bai, filma ondo dago eta sarrera ordaintzeak merezi du.

Hori bai, laudioartasun fisikoaren pilula jasotzeko itxaropenarekin joaten direnek kale egingo dute, Laudio bera (bere kaleak edo paisaiak) ez baitira agertzen. Oso laudioarra izan beharra dago pelikulari arrazoi horregatik uko egiteko, baina oharra eginda dago. Gabezia hori, dena den, filmaren moldaketa prozesuaren metafora egokia da.

Izan ere, Azken erromantikoak ez da Los últimos románticos eleberria eta, egia esanda, ezin zen horrela izan. Nobela barrura begirako bidaia da eta filmak ezin dira horrela egin, hizkuntza oso bestelakoak direlako. Irudia ez da hitza, eta iradokizuna ez da mugimendua. Alegia, Laudio ez da filman agertzen pelikulak beste herri bat behar zuelako. Hasteko, euskarazko filma delako, nobela ez bezala.

Horrela, David Perez Sañudo eta Marina Pares gidoilariek bide zuzena bilatu dute Los últimos románticos-en arima Azken erromantikoak-en gorputzean sartzeko: gatazkak txertatzea. Ondorioz, Irunek, protagonistak, liburuan agertzen ez diren tirabirak izango ditu: auzokide batekin, lanean, osasungintza publikoarekin… Eta horiek, aldi berean, aitzakiak izango dira sororitatea, elkartasuna, bakardadea, gaixotasuna, heriotza edota galera irudikatzeko. Hau da, liburuak aztertzen zituen gai batzuk eta baita gehitutako baten bat gehiago ere.

Miren Gaztañaga

Hori guztia azalduta, Miren Gaztañaga dugu ideia eta iradokizun matazen gaztelu guztia tinko mantentzeko zutabea. Laudio ikusi gabe geratuko direnak kontsolatu daitezke jakinda Arakaldon bizi dela antzezlea.

Gaztañagak pantaila betetzen du adierazpen ekonomia handiarekin. Harridura, deserosotasuna, samina edota une komikoak sortzen ditu aurpegia ia aldatu gabe. Hori gutxi balitz, zailena dena lortzen du maiz: gehiago transmititzea keinua mantenduta, hitz eginda baino. Izan ere, gidoilariei leporatu ahal zaien zerbait da elkarrizketa gutxi batzuk (protagonistak Renfeko langilearekin duena, bereziki) literarioegiak direla batzutan eta horrek disonantzia puntu bat sortzen duela filmak duen tonu errealistarekin. 

Dena den, Gaztañagak bere gaitasunak erakusteko papera izan du hemen eta ez du aukera galdu. Primeran betetzen du etengabe lekuz kanpo dagoen emakume baten tokia, eta maiz ekartzen du burura ezagutzen duzun horrelako pertsonaren bat. Bere eskutik joango da ikuslea filmaren zirrikituetatik, apurka-apurka jakiteko zergatik egiten zaion horren arrotza mundua, non dagoen ainguratuta bere bihotza eta zerk eragin dion egoera hori, baita nola atera daitekeen ere.

Gaztañagarena ez ezik, antzezle guztien lana ere azpimarragarria da eta guztien ekarpena dago ondo neurtua. Eskertzekoa da, gainera, adin anitzeko jendea agertzea, Edurne Azkarate bezalako aurpegi gaztea, zein Maica Barroso edota Itziar Aizpuru beteranoak.

Laudioarrentzako jokoak

Amerikarrek “easter egg” deitzen diete film edo telesaioetan ezkutatuta dauden erreferentziei eta hemen badaude pare bat, gutxienez. Izan ere, arreta handia jarrita, laudioar bat ikusiko duzue kameoa egiten eta Txani Rodriguez bera, nolabait, pelikulan dago. Non dagoen jakiteko, pista bakarra emango dizuet: “zilantro” hitza. Hala ere, ez da erraza izango topatzea.

Ondo pasa estreinaldian!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide