Haizeak 190 kilometro orduko abiadura hartu du Urduñan eta kalteak eta atzerapenak eragiten ari da tren sarean

Erredakzioa 2024ko urr. 9a, 13:50

Goizeko lehen orduan izan dira atzerapen larrienak. / Aiaraldea.eus

Urduñan 190 kilometro orduko abiadura hartu du haizeak eta horrek adarrak bota ditu tren azpiegituran. Eguerdian zuhaitz bat erori da trenbidean, Ugaon.

Gertakariak pilatzen ari dira gaur, berriro ere, Renfe enpresako C-3 lineako tren zerbitzuan. Izan ere, Kirk izeneko urakana bortizki agertu da Aiaraldean eta kalteak sortu ditu garraio publikoaren azpiegituran. Hain zuzen, EAEn erregistratu den haize bolada indartsuena izan da Urduñakoa, 190 kilometro ordukoa.

Egoera horretan gertatu dira ezbeharrak. Renfeko langileek adierazi diote Aiaraldea Komunikabideari adar batek arazoak eragin dituela azpiegituran, Ollarganen, goizeko lehen ordutan. Horrez gain, Laudio eta Amurrio arteko ibilbidean trenbide bakarra egon da funtzionamenduan goizeko lehen orduetan. Ondorioz, atzerapenak egun osoan luzatu daitezkeela aipatu dute Renfeko langileek.

Eguerdian zuhaitz bat erori da Ugaon trenbidearen gainean eta ordu erdiko atzerapenak sortzen ari da.

Gertakari gehiago jazo dira eskualdean. Adibidez, Gardean zuhaitz bat bota du haizeak errepidean, eta gauza bera gertatu da Izoria eta Amurrio artean. Araban eskola kirola bertan behera uztea erabaki dute.

Antza, urakanaren haize ufada indartsuenak igaro dira jadanik, baina larrialdi zerbitzuek alerta laranja mantendu dute. Hori dela medio, gomendioak dira mendira ez joatea, errepidean toki landaretsuak ekiditea (adarrak edo bestelako elementuak gainean ez erortzeko) eta bidaiak ahalik eta gehien saihestea. Oinezkoei horma, eraikin eta publizitate hesietatik urruntzea ere aholkatu diete.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide