Gaur goizean aurkeztu du Aiarako Kuadrillak Artomaña upategian bere irudi marka berria. Logoa modernizatu nahi izan dute “garai berrietara egokitzeko eta egungo gizartearekin konektatzeko”: “Logo berriarekin errazago aitortuak eta gogoratuak izan nahi dugu, eta nabarmenago bereizi”.
Aurkezpenean Iñigo Pinedo lehendakari berriak azaldu duenez, irudi berria lurraren eta naturaren jatorrian oinarrituta dago, “paisaia natural ikusgarriagatik, ondare historiko kulturalagatik eta jarduera ekonomikoagatik (nekazaritza eta industria)” nabarmentzen den eskualdea delako. Azaldu dutenez, horregatik aukeratu dituzte berde eta laranja koloreak.
“A forma biribildua eta berdea da, eskualdearen berezko izaera gogorarazten du. Eta leuntasuna eta alaitasuna transmititzen dituen zirkulu laranja du ondoan”
Izenaren A letra eta mendien forma oinarri hartuta sortu dute logotipoa: “A forma biribildua eta berdea da, eskualdearen berezko izaera gogorarazten du eta iraunkortasun, ingurumen eta ekologia sentimenduak ekartzen ditu gogora, freskotasun eta bizitasun sentsazioa transmititzearekin batera. Leuntasuna eta alaitasuna transmititzen dituen zirkulu laranja du ondoan”.
Gainera, aitortu dute A etorkizunerako pentsatuta dagoela, hau da, marka A-rekin bakarrik aitortzea dela asmoa.
Hau da logoaren leloa: Helmuga paisaia da. Aurkezpenean adierazi dutenez, “modernitatea eta eskualdeko tradizioa” nabarmendu dituzte leloan, “argia, sinplea eta ezagutzeko erraza” izateaz gain.
Hainbat bertsio diseinatu dituzte (bertikala, murriztua, oso txikia…) “ondo egokitzen den eta arazorik gabe aplika daitekeen bertsio bat eskura izateko”.
Aurkezpenaren ondoren Aiaraldeko artisauen jakiak dastatu dituzte, bertako produktuei balioa emateko helburuarekin.
Aiaraldea Txakolin Ibilbidea
Aiaraldea Txakoli Ibilbide marka ere aldatu dute. Markaren isotipoa hartu da oinarri “ikusizko identitatearekiko koherentzia mantentzeko”, eta Txakoli hitza sartu da.
Izan ere, aurkezpenean argitu dutenez, ideia ez zen beste marka bat sortzea, baizik eta udaletarako eta turismo-bulegorako sortu dena erabiltzea. Aiaraldea markarekin bezala, Txakoli Aiaraldea Ibilbidearekin ere bertsio murriztua egin dute.