Gizon batek emakume bat erail du Iruñean, eta hori salatzeko mobilizazioak deitu dituzte eskualdean. Gaur, eguerdiko 12:00etan, elkarretaratzea egin dute Aiarako udaletxe aurrean, eta arratsaldeko 18:00etarako beste bat deitu dute Arespalditzako Ferialean. Amurrion, berriz, arratsaldeko 19:00etan izango da kontzentrazioa, herriko plazan.
20 urteko emakume bat erail zuen atzo goizean gizon batek, Iruñeko Errotxapea auzoan. Gertakariak 01:15 aldera jazo ziren, Carmen Baroja Nessi kaleko 6. zenbakian dagoen eraikin batean. Biktima lokaleko gela batean zegoela gertatu zen erasoa. Haren atea kolpeka apurtu zuen erasotzaileak, eta, ondoren, hainbat labankada eman zizkion, batzuk bularrean.
Lekukoen arabera, erasoaren ondoren, labankadaren egilea hilketarako erabilitako labana garbitu, eta etxabean geratu zen. Udaltzainek ustezko hiltzailea atxilotu zuten, osasun-langileak eta anbulantzia bertaratu ziren, eta labankadaz zauritutako neska Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman zuten. Han hil zen, zaurien ondorioz.
Emakumearen aitak hiru aldiz salatu zuen bere alabaren hiltzailea, heriotza-mehatxua egin baitzion, baina Polizia Nazionalak ez zuela ezer egin kritikatu du.