Mikel Llorente Padura Aiala Txirrindularitza Elkarteko bigarren urteko kadeteak garaipena eskuratu zuen larunbatean Orduña City Cross lasterketan. Ibilbideak hiria zeharkatu zuen eta txirrindulariak tokiaren ezagutza baliatu zuen irabazteko.
Probako antolatzaileen hitzetan, ibilbide berritzailearekin arriskatu zuten eta kirolariak guztia eman zuen garaipena eskuratzeko.
Lehia estua izan zen horretarako, bigarrenak hiru segundo beranduago amaitu baitzuen eta hirugarrenak lau segundo geroago. Laugarrenari, aldiz, sei segundoko aldea atera zion Llorentek.
Eskualdeko hurrengo sailkatua Oier Frutos taldekidea izan zen, 18. postua erdietsita, eta bere ostean iritsi zen helmugara Ander Colmenero Amurrio Klubeko kidea. 80 gaztek parte hartu zuten guztira proban.
Sariak ostiralean
Horrez gain, Aiala Txirrindularitza Elkarteko kideek Arabako Federazioko sari banaketan parte hartu zuten eta aitortza bikoitza izan zuten. Alde batetik, Ion Egia laudioarrak 2024ko kadete onenaren saria eraman zuen eta, bestetik, taldea bera Arabako hirugarrena izan zen.